
Datozen hamar egunotan Arriaga Antzokiak hainbat kontzertu ikusgarri eskainiko ditu. Apirilaren amaiera eta maiatzaren hasiera kontzertuz beteta datoz, eta asteburukoez gain, gaur berton, hilaren 24an, Iker Laurobak Literatura eta Musika Euskaraz zikloaren barruan emanaldi bat egingo du. Musikariarekin batera Urbil Artola eta Leire Letu arituko dira, eta hirukote formatuan Harkaitz Cano, Leire Ugadi, Jon Martin, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi euskal idazle eta bertsolari ezagunekin batera konposatutako abestien errepertorioa eskainiko du.
Hurrengo egunean, apirilaren 25ean, Vistel Brothers izango da BJC Arriagan zikloaren barruan. Jorgek (tronpeta jolea) eta Maikel Vistelek (saxofoi jolea) 20 urteko ibilbide artistikoa egin dute. Bere musika jazz modernoaren eta musika afrokubatarraren joeretan oinarritzen da, eta horixe eskainiko dute Arriagan.
Asteazkenean, hilaren 26an, Ermonela Jahoren txanda izango da, gaur egun nazioarteko lirikan modan dagoen abeslari bat. Soprano albaniarra 2022an Urteko Artista izendatu zuten International Classical Music Awards sarietan eta 2021ean bere Anima Rara diskoa ere saritu zuten, non Pucciniren zein Verdiren ariak abesten dituen. Orain Bilbora helduko da.
Ostegunean, hilaren 27an, Eñaut Elorrieta igoko da Arriagako agertokira. Abeslaria Fantasia izeneko bere azken lana aurkezteko biran dabil. Oraingoan, Aitor Etxebarriaren laguntza izan du ekoizpen lanetan, “melodia ederrez beteriko disko bat sortzeko, tonu barekoa, entzunaldi bakoitzean aberatsago bihurtzen dena.”
Aste honetako igandean, Luz Casal etorriko da Arriagara. Bere bi kontzertuetarako (apirilaren 30erako eta maiatzaren 1erako) sarrerak agortu ditu jada.
Azkenik, maiatzaren 2an, BJC Arriagan zikloan Maureen Choi Qu4rtet, jatorri korearreko Maureen Choi biolinista iparramerikar bikaina buru duen eta Daniel García Diego (pianoa), Mario Carrillo (kontrabaxua) eta Michael Oliverak (bateria) osatutako taldeak kontzertua emango du.



