IKUS-ENTZUN

Cristina Eneak udako aire zabaleko zinemaldia abiatuko du

Donostiako Cristina Eneak aire zabaleko zinemaldiaren hamaikagarren edizioa abiatuko du aurten, eta gaur berton, ekainaren 28an hasi egingo da.

2012an hasi zen Cristina Enea Fundazioa lehenengo edizioa antolatzen, eta aurtengoa,  hamaikagarrena izango da. Betiko legez, hiri osora ere zabalduko da zikloa, eta proiekzioak Donostiako hainbat parke eta berdegunetan antolatuko dira.

Antolatzaileek esan dutenez, aurtengo edizioko filmek jasotzen dituzte “bidaiek eta bideek gizakiengan eragiten dituzten aldaketak, hausnarketak eta bizipen askotarikoak, bai filosofikoak, bai fisikoak”.

Diogun moduan, aire zabaleko udako zinema zikloa ekainaren 28an hasiko da, eta uztailaren 19ra arte luzatuko da, eta programazioaren barruan denetarik izango da.

Gaurko saioan, 22:30ean, Cristina Enea parkean, Federico Felliniren La strada (1954) filma pantailaratuko da. “Alarguntzen denean, Zampanó izeneko artista ibiltariak bere emaztearen ahizpa Gelsomina erosten du, haren amak erresistentziarik txikiena ere jarri gabe. Zampanóren izaera bortitza eta oldarkorra gorabehera, bizimodu nomadak erakartzen du neska, beti kalean (“strada”, italieraz), batez ere jabeak ikuskizunean sartzen duenean. Bere joan-etorrian ezagutzen dituen hainbat pertsonaia bitxik haiekin bat egitea proposatzen badiote ere, Gelsominak Zampanóri leial jarraituko dio azken ondorioetaraino”.

Hurrengo saioak, honako hauek dituzue: uztailaren 5ean, Chihiroren bidaia (Hayao Miyazaki, euskaraz); uztailaren 12an, Un paseo por el bosque (Ken Kwapis); eta uztailaren 19an, Bidasoa 2018-2023 (Fermin Muguruza, euskaraz).

Behar den informazio guztia: Cristina Enea Fundazioa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button