
Artistak Egoitzan programaren 2018ko deialdia zabaldu du BilbaoEszenak, Bilboko Udalak kudeatzen duen Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroak. 18 urtetik gorako Euskadiko artistek martxoaren 9ra arte aurkeztu ahal izango dituzte euren proposamenak, bakarka edo taldean.
Programak arte eszenikoen alorrean ikerketa eta berrikuntza sustatzeko eta bultzatzeko xedea du, eta ardatz nagusia antzerkia eta dantza izanik, diziplina tradizionalagoekin, kaleko antzerkiarekin edo zirkuarekin, erlazionatutako proiektuak ere onartuko dira.
Deialdira aurkeztu nahi duten euskal konpainiek edo artistek 2018ko Udalaren programa honetan parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da www.badbilbao.eus web orrietan aurkitu daitekeen deialdiaren inprimaki ofiziala betetzea. Ez da onartuko posta elektronikoz, ohiko postaz edo bertara hurbilduz aurkezten den proposamenik.
BilbaoEszenak hiru arte proiektu aukeratuko ditu. Egoitza bakoitzak gehienez 25 eguneko iraupena izango du eta “epealdi horretan modu trinkoan egingo da, aurkeztutako eta hautatutako proiektu artistikoan oinarrituta”. Proiektu bakoitzerako diru-kopurua 4.000 eurokoa izango da.
Horrez gain, aukeratutakoek, “euren sorkuntza prozesuak ikus-entzuleen edo sektoreko profesionalen aurrean aurkezteko aukera izango dute, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikideko Jaialdian, BAD-en, edo Udalak bultzatutako beste edozein ekimen eszenikotan”.



