MUSIKA

Layo Raser taldeak bigarren diskoa argitaratu du

Irungo Layo Raser hirukote instrumentalak Europa izenburuko lan berria argitaratu berri du. Irungoek errepikapen eta erritmo aldaketa ugarirekin josiriko doinu instrumentalak jorratzen dituzte, punk instrumentala edo mathrocka tankerako etiketak ere erabili dira gipuzkoarren jario bizi eta korapilatsua definitzeko.

 Diskoak zazpi pieza biltzen ditu eta 2012. urteko otsailean eta martxoan grabatu zituzten Bonbereneako lokaletan Karlos Osinaga teknikariaren zuzendaritzapean.

Taldea Elenak (gitarra), Jonek (baxua) eta Fortunek (bateria) osatzen dute. 2008. urtean argitaratu zuen hirukoteak estreinako lan homonimoa. Disko hori hamar doinu instrumentalek osatzen dute. Gaztezulo aldizkarian argitaraturiko elkarrizketa batean Elenak dioenez, “denbora eta esfortzu askoren ondorioa da disko hau; lau urte pasatu dira gure lehen lana atera genuenetik eta, egia esan, grabatzeko gogotsu ginen… Iritsi da, azkenean!”.

Horretaz gain, taldeak jorratzen duen estilo instrumentalaz ere izan du hizpide gitarra jotzaileak: “Jendea, orokorrean, ez dago musika instrumentalera ohitua. Guk egiten duguna, hala ere, ez da ahotsa falta duen musika, gure kantak horrela izateko sortuak baitira, eta kontzertuetan jendeak ez du ahotsaren falta sumatzen”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button