BESTELAKOAK

Euskal hedabideen etorkizunaz

Ekainaren 15, ostiralarekin, 09:00etatik aurrera, eta Topaguneak eta Tokikomek antolatuta, 100 lagun inguru elkartuko dira Tokikom jardunaldietan, euskal hedabideen etorkizunaz eztabaidatzeko.
Zer esparru komunikatibo behar du XXI. mendeko euskal hiztun komunitateak? Itaunaren inguruko hausnarketa bultzatuko da egun horretan.

“Hedabideen mundua erabateko iraultzan sartuta dagoen honetan, euskarazko medioen jarduna aurrera begira egokitzen hasteko ezinbesteko hitzordua da”, azpimarratu dute antolatzaileek.

Goizean, Nekane Goikoetxeak hedabideen funtzio soziolinguistikoen inguruan jardungo du: “jakina da hedabideek zeregin garrantzitsua dutela hizkuntzaren normalizazioan baina… zer esan nahi du horrek zehazki?”.

Geroago, Aitor Zuberogoitia eta Eneko Bidegain hedabideen mundura hurbilduko dira, eta euskal hiztunak ikusgarri bihurtzeko erronkaz eta era berean, informazioa kontsumitzeko ohitura berrietara egokitzeko premiaz arituko dira.
Hauen ostean Gari Araolazak eta Luistxo Fernandezek teknologiaren ikuspegitik helduko diote gaiari. Ondoren, jardunaldien atal praktikoa hasiko da, han-hemengo esperientziak erakutsiz.
Agus Hernanek Pausumedia eta Antxeta Irratiaren ikuspuntua ere jakinaraziko ditu. Eta mahai-ingurua ere ez da faltako hedabideen sektoreko aritu eta adituekin. Inazio Arregi (Tokikom), Xabier Letona (Argia), Iban Arregi (Berria taldea) eta Nerea Azurmendi (El Diario Vasco) gonbidatuak izango dira.

Topagunearen jardunaldi hau hemen jarraitu ahalko duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button