ARTEA

Carlos Marcoteren errealismo piktorikoa

Carlos Marcote (Agurain, 1950) pintorearen erakusketa paratu dute Bilboko Marzana Espazioan. Errealismo piktorikoaren euskal ordezkari pertsonal eta nabarmenetakoa da. Erakusketa zabalik dago ekainaren 22a bitarte.

Marcote 70eko hamarkadan errealismoari lotu zitzaion. Izan ere, garai hartan borborka ari zen korronte piktoriko horren erakusketa kolektibo garrantzitsuenetan parte hartu zuen, tartean, Madrilen egin ziren Evolución y continuidad del Realismo. 1971-1990 eta Tierra de Nadie erakusketetan, biak ala biak 1992. urtean egin ziren.
Pintore arabarrak hirugarrenez jarri ditu bere lanak Marzanan, izan ere, 2004ean eta 2007an ere Bilboko galerian izan zen.

“Nire obra naturaren errealitate bisualean dauden oinarrizko elementuetatik abiatzen da, baina osagai humanoekin eta bere adarrekin lotuta”, esan du arabarrak.

Marcotek teknika irmo eta zehatza erabiliz egiten ditu bere koadroak, eta pintoreak berak eraldaturiko paisaia eta potretak islatzen dituzte. Hala, bere errepresentazioan beti uzten du tokia bertan ez dagoen horrentzat, koadrotik kanpo dagoen horrentzat.

Intenporalitatea, bere gaien emotibitatea, atmosfera estatikoa eta giroen magia dira bere koadroetako ezaugarri nagusiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button