EZLEKUBAT

Capsula, musikarekiko grina

Ivan Julian estatubatuarraren eta Capsula talde argentinar-bilbotarraren arteko emaitza argitaratu du Bloody Hotsakek oraintsu: The Naked Flame (Gar Biluztua). Ivan Julian 70eko hamarkada erdian New Yorken eztanda egin zuen punk mugimenduaren protagonistetako bat da. Izan ere, bere gitarra Richard Hell & The Voidoids taldearen diskoetan entzuten da. Aipagarria da talde horrekin grabatu zuen Blank Generation klasikoa. Talde horretan Robert Quine gitarra jolearekin jotzen zuen punk rock-ak eman duen gitarra bikote irudimentsuenetarikoa osatuz.
Capsula berriz, Bilbon bizi, baina jatorriz argentinarra den bikoteak gidatzen du bateria bilbotar batean laguntzarekin.

New Yorkekoak eta Bilboko hirukoteak lehenengoaren estudioan egin zuten topo Capsularen bigarren lana grabatzen: Rising Mountains. Grabaketa saio horietatik sortu zen lankidetza oparo hau, eta elkarlan horren emaitza The Naked Flame da: psikodelia, funk eta punk rock esparru heze eta arriskutsuetan murgiltzen diren dozena bat doinu. Coni Capsulako baxu jotzailearekin jarri gara harremanetan taldearen eta lankidetza horren berri izateko.

Egun Ivan Julianekin grabatu duzuen The Naked Flame lana aurkezten diharduzue. Nola sentitzen zarete , besteak beste, The Voidoids punk taldean jo duen gitarra jolearekin lanean?
Guretzat ohore handia Ivan Julian bezalako musikari handi batekin lan egin ahal izatea. Ivan aktiboki aritu da New Yorkeko eszenan 70eko hamarkadatik gaur arte. Hasieratik bere konfiantza osoa eman digu eta harremana oso estua da, rockarekiko grinak eta adiskidetasun handiak batzen gaitu. Arrazoi horregatik ari gara gauzak elkarrekin egiten.

Naked Flame lanean zein da Capsularen ekarpena? Eta Ivan Julianena?
Diskoko doinuak Ivanek idatzi ditu eta gu kantuetara itzultzeko motorra izan gara, berriro grabatzeko eta zuzenean aurkezteko. Belaunaldi ezberdinetakoak gara, baina hizkuntza berdinarekin mintzatzen gara, eragin bertsuen hizkuntza, eta emaitzaren soinua gaurkoa da.

Zuen aurreko lana Rising Mountains BCore-k argitaratu du eta Naked Flame Bloody Hotsak-ek. Nolako harremana duzue bi zigilu ezberdinekin?
Zentzu horretan zorte handia daukagu, bi diskoetxe baititugu, gauza bitxia garaiotan. Egitasmo ezberdinak direnez ez dago inongo arazorik eta bi diskoetxeek aurretik zekiten egitasmo honetan sartuta genbiltzala, hortaz, lan bateratua izan da.

Zuzenean asko jotzen duen taldea zarete, urtean bira asko egiten dituzue, hori bermea izan daiteke zigiluak Capsulaz ohar daitezen. Ados zaude?
Bai, izan liteke. BCore-ren kasuan Berlinen zuzenean jotzen ikusi ostean fitxatu gintuzten. Banda oso aktiboa gara, eta egitasmoetan etengabe murgiltzea atsegin dugu. Gure inguruan dagoen jendearekin eta lan egiten dugun zigiluekin, batez ere, musikarekiko grina partekatzen dugu.

Rising Mountains lanean oso maila handia erdietsi duzuela iruditzen zait, bertan jasotako doinuak oso onak dira. Oraindik gehiago haz zaitezkete?
Disko bat amaitzerakoan beti duzu sentsazio bera: esan gabe utzitakoak eta hurrengo diskoan jaso eta esploratuko dituzun soinuak kanpoan gelditu direla. Ametsen antzera gertatzen da. Ametsean noizbehinka ematen du iritsi behar zaren ideia eta sentsazioa dagoela, garrantzitsua baita, eta ametsa utzi duzun tokian berreskuratzen saiatzen zara. Ezinezkoa da bide berdina ibiltzea burmuinak beste toki berrietatik eramaten baitzaitu.

Julianekin Rising Mountains diskoko kantuak jotzen dituzue?
Ivanekin egiten ari garen bira honetan bere kantuak jotzen ditugu, baina horrelako zerbait egiteko asmoa dugu hurrengo biran.

Capsularen lorpen handienetarikoa da eragin klasikoetatik abiatuz, hala nola, Velvet, Stooges, Spacemen 3, soinu garaikidea lortzeko gaitasun handia daukazuela eta hori ondo baino hobeto islatzen duzue Rising Mountains-en. Aldez aurretik pentsaturiko zerbait da?
Mila esker. Ohartu gara gure eraginetara hurbiltzeko modua grinaren bitartez dela, eta horraino zehaztu diezazuket. Agian konposatzerakoan aipatu dituzun taldeengandik gertu dauden sentsazioak gustatzen zaizkigu. Gero grabatzerakoan soinuan pentsatzen duzu eta eraginak ahazten dituzu, beste mundu batean sartzen baitzara, ekualizazio grafikoek eta mikrofonoek osatzen duten mundura, zeina sortzailea den, baina airearen eta elektrizitatearen bitartez. Gero nahasketan kantuak atzera agertzen dira: gitarren intentsitatea, pandereten distirak, ahotsei dagokien tokia. Ez duzu denbora handirik pentsatzeko talde honen soinua edo bestearena izan nahi dut. Gehienbat kantuak bere soinua izatea deseatzen duzu.

Nola antzematen duzue taldearen bilakaera Argentinan eratu zinetik gaur arte, Bilbon bizi zaretela?

Asaldatuta bizi dugu. Talde gisa daramagun denbora tarte guztian urratsak eman ditugu bata bestearen atzetik, eta bai taldearen bilakaera bai gero eta jende gehiagora iristea progresiboki gertatu da. Oso pozik gaude taldea gero eta jende gehiagori gustatzen zaiolako eta gure musika toki gehiagotan aurkez dezakegulako.

Hitz egin dezagun konposizio prozesuaz. Inspirazioa etengabekoa da edo lehorte garaiak ere bizi ohi duzue?
Biak. Kantu batzuk lokalean sortzen dira, balbulen beroarekin eta gitarren soinuarekin edo baxu lerroekin, eta beste batzuetan etxean sortzen dira, formatu akustikoan gero lokalera eramateko.

Taldekide guztiok parte hartzen duzue prozesuan?
Orain arte kantuak Martinek konposatu izan ditu, bera da gidatzen gaituena bere gitarra zorrotzak direla medio. Hitzak bion artean idazten ditugu. Antzekoak gara eta batek edo besteak esan nahi duena ondo ulertzen dugu.

Nola ikusten duzu rock’n’roll-aren egoera Euskal Herrian?
Azken 11 urteak bakarrik ezagutzen ditut eta nire sentsazioa da betidanik rock maila oso ona mantendu ahal izan dela Euskal Herrian.

Azkenik, zein talderekin alderatzea gorrotatuko zenukete?

Talde batekin alderatzea baino, molestatuko gintuena izango litzateke egunen batean taldeari errotuluak ezartzea. Aurrera eramaten saiatzen garen konstantea da.Ivan Julian estatubatuarraren eta Capsula talde argentinar-bilbotarraren arteko emaitza argitaratu du Bloody Hotsakek oraintsu: The Naked Flame (Gar Biluztua). Ivan Julian 70eko hamarkada erdian New Yorken eztanda egin zuen punk mugimenduaren protagonistetako bat da. Izan ere, bere gitarra Richard Hell & The Voidoids taldearen diskoetan entzuten da. Aipagarria da talde horrekin grabatu zuen Blank Generation klasikoa. Talde horretan Robert Quine gitarra jolearekin jotzen zuen punk rock-ak eman duen gitarra bikote irudimentsuenetarikoa osatuz.
Capsula berriz, Bilbon bizi, baina jatorriz argentinarra den bikoteak gidatzen du bateria bilbotar batean laguntzarekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button