
Kiko Veneno musikari espainiarrak eta Martin Buscaglia artista uruguaiarrak eratutako egitasmoa da El Pimiento Indomable; gaur, Bilboko Kafe Antzokian joko dute, 22:00etatik aurrera. Euskal Herrian egingo duten emanaldi bakarra izango da.
Kafe Antzokiaren arabera, “El Pimiento Indomable (Satélite K, octubre 2014) 12 kanta fresko eta zuzen dira; sonoritate propio, baikortasun kutsakor eta espiritu librea dutenak, gure espaloitik paseoan ibiltzen diren eta gure arima menderakaitzaren benetakoenera itzuli nahi gaituzten pertsonaia eta istorioz beterikoak”.
Kiko Veneno musikari oso ezaguna da, sarritan jo du gurean, eta 1975ean, Rafael Amador eta Raimundo Amador musikariekin (Pata Negra), Veneno taldea sortuz geroztik, ibilbide luze eta arrakastatsua egin du; batez ere bakarka egindako lanek ekarri dioten arrakastaren ondorioz. Martin Buscaglia, berriz, Kiko Veneno baino gazteagoa da, baina hura ere oso ezaguna da bere herrialdean. Uruguaiarrak ikuspegi musikal teknologikoagoa dauka.
Bestalde, Kafe Antzokiko goiko solairuan, behin El Pimiento Indomable amaituta, Wamba Buluba Kluba izeneko saio egingo dute; saio horretan, hain zuzen, The Limboos espainiarrek joko dute: 50eko eta 60ko rhythm and blues estiloa eta erritmo latindar exotikoak jorratzen dituzte. Emanaldiaren ostean, disko jartzaileak izango dira.



