LITERATURA

“Eztabaidak Literaturarekin” saioan, Mikel Martinez eta Patxo Telleria

Eztabaidak literaturarekin saioak  gaur, irailaren 19an, ekingo dio berriro programazioari. Euskal kantak eta literatura izenburuko gaurko saioan, Mikel Martinez eta Patxo Telleria antzezleak izango dira. Lutxo Egia idazleak moderatuko du topaketa. Ohikoa denez, ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan.

Patxo Telleria eta Mikel Martinez Bilboko antzerki bikote ezagunak urteak daramatza euskara sustatzen eta bultzatzen euren antzezlanen bitartez. Euskal musikaren benetako istorioa antzezlanarekin berriro dira agertokietan, Euskal Herriko musika imajinarioaren azterketa ironikoa, absurdoa eta dibertigarria egiteko.
Euskal Herriko musikaren altxorrari, gure baitan dugun ondare emozional horri omenaldi txiki bat egin nahi diote modu ikonoklasta batean, eta bertako helburuetariko bat musikaren kontura ondo pasatzea da, musikari errepasoa eginez, beti ere, modu zoroan, ironian eta umorean oinarriturik.

Aurreko lanetan egin izan duten gisan, publiko helduari zuzentzen zaio antzezlan dibertigarria eta umorezkoa, eta euskaraz. Patxo Telleriak sortu ditu testuak. eta Mikel Martinezek eta Telleriak berak -kasu honetan doktore jakintsu moduan pertsonifikaturik- 200 kantaren zatiak erabiliko dituzte, antzerki jostagarria eskaintzeko, estilo ero, deskonzertante eta irrigarriaren bidez. Hala, euskal musikak eta literaturak eman dituzten egile handietako batzuen letrak eta poema musikatuak aztertzen dituzte: Laboa, Lete, Gabriel Aresti, Atxaga, Oskorri edo Ruper Ordorika, besteak beste. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button