
Larunbatean, maiatzaren 17an, bueltan dagoen Burdina Astintzen jaialdiak Donostiako Larratxo Kultur Etxetik haizatuko du heavy metala euskaraz jorratzen duten hiru taldeen musika: Asgarth, Elbereth eta Izan Bai.
Herriko Burdinak 2002tik Euskal Herriko heavy metala babestea eta bultzatzea izan du helburua. Burdina Astintzen jaialdia, berriz, 2004an egin zen aurreneko aldiz. Bigarrena 2005ean eta hirugarrena 2010ean. Beraz, hamabost urteren ondoren, bueltan da.
Laugarren edizioak izaera propioa eta euskalduna aldarrikatuko du. Hau da, euskaraz abesturiko heavy metala izango da protagonista.
Añorgako Asgarth heavy metal taldeak zuzeneko lehen diskoa kaleratu eta lehen bi diskoak berrargitaratu ditu. Jainkoen egoitza lehen lanaren urteurrena ospatu ondoren, Etorkizunaren sustraia bigarren diskoaren txanda da. Lan honek ere 25 urte bete ditu aurten.
Legazpiko Elbereth metal banda Omen bosgarren diskoaren aurkezpen kontzertuak ematen ari da. Orain arteko lanik helduena plazaratu dute gipuzkoarrek. Heavy klasikoa jorratzen hasi ziren, eta urtez urte muturrera egin zuten groove metal doinuetan egonkortu arte.
Usurbilgo Izan Bai taldea Ixak Arruti musikariaren abentura berria da. Heavy metal eta hard rock sustraietara itzuli da, urtetan Mendeku Itxua bandako gidaria izan ondoren. Urtarrilaren 31n Dena galdu baino lehen estreinako diskoa argitaratu zuten.