MUSIKA

Exnovios talde iruindarrak estreinako lan luzea plazaratu du

Iaz, maketa bat grabatu ostean, Iruñeko Exnovios bandak iraupen luzeko estreinako lan homonimo eta lisergikoa plazaratu du, Zaragozako Analog Love Records diskoetxearen bidez.

Diskoak psikodelia klasikoan (Byrds…) eta garaikidean (Galaxie 500…) bustitako hamar azidozko pilula biltzen ditu, gaztelaniaz abestuak. Halere, garage-rock tankerako kantuak ere badira, tartean, Odio eta No voy a esperar.

Hamar kantu horien artean hiru bertsio daude, herrikide dituzten Los Ginkas taldearen Vete si no bebes, Spacemen 3 ingelesen beste, Quizás, eta Delmonos bandaren Magia blanca.
Viaje al averno doinuaren hitzak, halaber, Gabinete Caligari talde espainiarraren izenburu bereko kantuaren letretan oinarritzen dira. Si no me quieres abestia, bestalde, Kokoshca taldeko Amaia Tirapuk abesten du.

Diskoa iragan irailean grabatu zuten Atarrabiako Color Hits estudioetan, Daniel Ulecia teknikariaren gidaritzapean. Uleciak berak nahastu eta masterizatu du diskoa.

Emaitza 60’punk tankerako gitarra kiriotsuekin jositako espiral hipnotiko bezain basatia da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button