MUSIKA

“Berumuga”, erritmo beltzak Bergaran

Bihartik hilaren 28ra bitarte, Berumuga musika afroamerikarren inguruko jaialdia egingo da Bergaran. Guztira, lau kontzertu egingo dira, bihar bertan, hain zuzen, Shaun Booker musikari estatubatuarrak joko du.

Booker blues abeslaria da, eta bluesearen ondare klasikotik edaten du. 30 urteko ibilbidea egin du ja, eta bere emanaldietan musika afroamerikar anitz entzuten dira: jazz, soul, funk, eta abar. “Booker agertokietan kartsuki, sutsuki eta aldi berean guztiz hunkigarri agertzen denez, sarri askotan alderatu izan dute hasierako Tina Turner“. Artista ezaguna da AEBetan, bai eta Europan ere.

Egitaraua ondoko kontzertuekin osatuko da: hilaren 14an, The Allnighters; hilaren 21ean, Stacie Collins; eta, azkenik, hilaren 28an,  Hendrik Rover.

The Allnighters Gasteizko rhythm and blues talde ezaguna da, eta Everything is changing (Gaztelupeko Hotsak) lana aurkeztuko du Bergaran. Gasteiztarrek erritmo beltz dotoreekin apaindutako zortzi kantu bildu dituzte grabazio berri horretan: sei kantu berri, bi bertsio eta haien lehenengo diskoan argitaratutako Midnight boogie klasikoaren moldaketa. “Soinutik aldentzen saiatu gara, kantuak azpimarratzeko”, esan zuten taldekideek urrian eginiko aurkezpen-ekitaldian.

Aho soinulari aparta den Stacie Collins, Chicagoko blues elektriko klasikoaren zalea da, eta bere musikari kutunen artean Little Walter handia dago. “Emakume abeslari gehienak ez bezalako konpositorea da, eta bere abesti guztiak ez daude maitasunaren eta larriminaren inguruan onduta”.

Bestalde, Kantabriako Los Deltonos talde ezaguneko buru ohiak gidatzen du Hendrik Rover & Miticos Gt´S. Hainbat disko argitaratu ditu Hendrik Rover musikariak formatu blueszale honetan, azkena Fetén / Fatal (2016) lan bikoitza. “Hirukote indartsu eta bizia da, musikari zailduak eta bikain konbinatuak, eta sendotasunez eta segurtasun handiz interpretatzen dituzte Rover-en errepertorioa eta bertsioak”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button