
Azaroaren 11tik 16ra bitartean, Zentsura At! jaialdiaz gozatzeko aukera dago Bilboko BBK Aretoan. Ekimenaren helburua uneren batean eta tokiren batean isilduak izan diren artista guztiei laguntzea da. Programaren barruan kontzertuak, film emanaldiak eta erakusketak antolatu dira.
Kontzertuei dagokienez, hiru izango dira: bihar, hilak 14, Frantziako La Rumeur taldeak joko du; etzi, El Cabrero espainiarrak; eta, azkenik, etzidamu, Hego Afrikako Anton Goosen musikariak.
Le Rumeur Frantziako hip-hop talde gordina da, politikoa, eta letra zorrotzekin jositako doinuak lantzen dituena: “2012ko apirilean kaleratu zen Tout brûle déjà (Dena sutan dago jada) La Rumeur taldearen azken bilduma; zentzu politiko nabarmeneko testuekin, beti zorrotz, La Rumeur bere artearen gailurrean dagoela erakusten du. Abestien hitz motari eutsiz, euren belaunaldiko hip-hop talderik ikonoklastenak laugarren album honetan ohartarazten du Nicolas Sarkozyren bosturtekoarekin izan litekeen edozein antzekotasun, nabarmena denez, ez dela kointzidentzia”.
Bestalde, gaur bertan, hilak 13, komikia eta zentsurari buruzko hitzaldia izango da, eta ondokoek parte hartuko dute: Antonio Altarriba, Juanjo Fernandez Star aldizkariaren editorea eta Luis Gasca.
Informazio gehiago: zentsura-at.