MUSIKA

Bob Dylanek piztuko du Bilboko eztanda musikala

Bob Dylan (Robert Allen Zimmerman, Duluth, AEB, 1941) musikari ezagunaren emanaldia izango da Bilbon asteon ikusi eta entzun ahal izango den kontzertuetako lehena: bihar, uztailak 11, Guggenheim Bilbao Museoaren zabaldegian.

Izan ere, Dylanen emanaldiaz gain, asteburu honetan BBK Live jaialdi erraldoia ere izango da Kobetamendiko zelaietan. Hala, ostegunean, uztailak 12, The Cure izango da izar nagusia; ostiralean, uztailak 12, Radiohead; eta larunbatean, uztailak 14, Garbage eta Keane.

Aipaturiko kartel buruez gain honako hauek ere izango dira Kobetamendin: nazioarteko izenen artean Bloc Party, The Jon Spencer Blues Explosion, eta The Kooks; euskal taldeek ere izango dira oholtzan, tartean, McEnroe, Belako eta Zea Mays; azkenik, estatuko ordezkaritza ere zabala izango da, Vetusta Morla, Lori Meyers, La Habitación Roja, eta Corizonas, besteak beste.

Bob Dylani dagokionez, 60ko hamarkadan New York hirian izan zen folk mugimenduaren baitan eman zituen bere lehen urratsak, eta gero rock-and-roll doinuak jotzeari ekin zion. Egun, AEBetako sustraidun musiketan murgilduta dago eta bere musikan blues, country edo tex-mex estiloen zantzuak nabaritzen dira.

Hala, Blowin’ In The Wind, Like A Rolling Stone, All Along The Watchtower, The Times They Are a-Changin’ edo Mr. Tambourine Man kantuen idazleak 71 urte ditu eta laster tex-mex kutsuko 35. lana argitaratuko du Los Lobos taldeko David Hidalgo musikarien laguntzarekin, besteak beste.

Kontzertuari dagokionez, Dylanek emanaldi luzeak eta ezustez beteak egiten ditu. Kantuak klasiko ezagunak izan arren, oso ezberdin jotzen ditu makina bat konponketa tarteko. Horretaz gainera, bere ibilbide osoko kantuak jotzen ditu, eta agian disko berrikoak ere entzun ahalko dira. Bere kontzertuetan ez dago pantailarik ez kamerarik eta ez du elkarrizketarik ematen.

Azkenik, Bilboko musikaren aste hau hirigunean egingo diren lau kontzerturekin osatuko da. Bilboko Alhondigako atrioan, uztailaren 13an, ostiralez, 13:30ean Glasvegas taldeak joko du, eta uztailaren 14an, larunbatez, The View taldeak ordu berean. Halaber, BBK Aretoan Eli Paperboy Reed soulmanaren kontzertua ikusteko aukera egongo da uztailaren 13an, ostiralez, 12:00etan; eta Supersubmarina taldeak uztailaren 14an, larunbatez, joko du ordu berean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button