BESTELAKOAK

Bizkaiko museoetan jardueraz eta tailerrez betetako programazioa

Gabonen atarian gaudenez, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen museoek, aretoek eta historia intereseko lekuek pertsona ororentzako eta bereziki familientzako hainbat tailer, hitzaldi eta jarduera antolatu dituzte.

Arkeologi Museoak historialari eta arkeologo txikientzako tailerrak izango ditu. Hilaren 27an Apaindu zaitez tailerrean gure arbasoek erabiltzen zituzten apaindurak ezagutuko dituzte. Abenduaren 28an Joko Erromatarretan garai erromatarrean nola dibertitzen ziren ikusiko dute, eta abenduaren 29an Erasora tailerrean Bizkaiko Erdi Aroko gotorlekuak nolakoak ziren ikasiko dute.

Arrantzaleen Museoan gaur, abenduaren 13an, Bermeo Erdi aroan erakusketa eta bere inguruko hitzaldien zikloa martxan jarriko dira. Aingeru Astuiren Bermeoko bela arrantza liburua ere aurkeztuko dute abenduaren 22an. Eta umeentzako marrazketa ikastaroa ere egingo da. Bertan, mural handi bat diseinatuko dute. Gainera, museoan ipuin kontalari batek Gabonetako istorioak kontatuko ditu.

La Encartada Fabrika-Museoak aukera emango die umeei hainbat materialekin neguko paisaia bat sortzeko. Jarduera horrekin batera askotariko eskulanak egiteko Gabonetako txokoetan parte hartu ahalko dute.

Txakolingunean Txakomic erakusketa bisitatzeko aukera egongo da, eta abenduaren 17an Santo Tomaseko dastaketa egongo da. Abenduaren 30ean Din, dan, don Eguberri On! ikuskizuna Sorgina-txirulinak eskainiko du. Ipuin kontalari bera ere abenduaren 23an izango da Santimamiñen, euskal mitologiaren inguruko kontakizun musikatua eskaintzeko. Abenduaren 16an Olentzero eta Mari Domingi Santimamiñeko kobazuloetara hurbiltzen diren umeak bisitatzera joango dira.

El Pobalgo Burdinolan ohiko burdinola-errotara egiten diren bisita gidatuez eta abenduaren 23an eta 30ean egingo dituzten burdinolaren erakusketa bisitez gain, umeentzako tailerrak egongo dira. Gainera, museoko bisitariek Olentzeroren mundua El Pobalgo burdinolan dioramaz disfrutatu ahalko dute.
Bere aldetik, Euskal Herria Museoak Gabonetako programazioa prestatu du umeentzako tailerrekin eta hainbat bisitekin.

Rekalde Aretoan programazio zabala egongo da. Bihar, Varietés erakusketaren bisita komentatua egingo du Eduardo Sourrouille artistak. Gainera, familiarentzako tailer asko antolatu dituzte. Adibidez, abenduaren 28 eta 29an, Christmas on the road tailerrean gazteenek material berriekin esperimentatuko dute ingelesa ikasten duten bitartean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button