
Bizkaiko idatzizko eta bat-bateko txapelketak jokatu dira Arrigorriagan. Maiatzaren 25ean bertsolari gazte asko bildu dira bertan.
Goizean, bat-bateko finala jokatu dute zortzi finalistek. Aurten 18 parte hartzaile egon dira bat-bateko txapelketan eta hiru kanporaketa jokatu dira.
Horietatik zortzi heldu dira finalera: Aiala Irurtia Montero (Arantzazu), Eider Fernandez Aranburu (Bermeo), Ekhi Zuluaga Intxaurbe (Igorre), Enara Gallastegi Barrenetxea (Dima), Garazi Uriarte Alonso (Berriz), Iradi Barrenetxea (Artea), Kelmene Abaitua Isazelaia (Berriz) eta Naroa Iturrioz Lauzirika (Zornotza)
Guztien artean, Kelmene Abaitua izan da onena, eta bera da 2024ko Bizkaiko Eskolarteko txapelduna. Txapela Oihana Bartra Arenas bertsolariak ipini dio txapeldunari. Buruz burukoa jokatu duten bertsolari biak, ekainaren15ean Arantzan jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko finalera sailkatu dira.
Goizean ere 200 parte hartzaile batu dira idatzizko finala jokatzeko. Aurretik ikastetxe eta herrietan egin dituzte aurrekanporaketak.
Egun osoko giro ederra bertsoaren inguruan.



