BERTSOTAN

Bizkaiko Eskolarteko Txapelketa finalari begira

Bizkaiko Eskolarteko laugarren kanporaketa atzo jokatu zen Durangoko Kurutziaga Ikastolan. Naroa Iturrioz zornotzarrak batu zituen puntu gehien, eta beraz, finalerako sailkapen zuzena lortu zuen. Horrek esan nahi du erabakita geratu dela nortzuk izango diren maiatzaren 31ko finalean parte hartuko duten bertsolariak.

Joan den asteko astelehenean Galdakaon izan zen lehen saioa, eta Kelmene Abaitua berriztarrak irabazi zuen. Bigarrena, Gordexolan izan zen eta Enara Gallastegik irabazi zuen. Apirilaren 7an, Igorren, Lasarte aretoan, hirugarrena izan zen, eta bertan, Iradi Barrenetxeak eskuratu zuen finalerako txartela. Eta diogun moduan, Naroa Iturrioz zornotzarrak irabazi du azkena.
Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera eta gainontzeko lau bertsolariak puntuazioaren arabera erabaki dira.

Finala maiatzaren 31n jokatuko da Iurretako frontoian eta hor abestuko duten gazteak, hauexek izango dira: Aiala Irurtia (Arantzazu), Ekhi Zuluaga (Igorre), Enara Gallastegi (Dima), Iradi Barrenetxea (Artea), Jon Abasolo (Munitibar), Kelmene Abaitua (Berriz), Maddi Aurtenetxea (Zornotza) eta Naroa Iturrioz (Zornotza).

Goizeko 10:00etan eskolarteko nagusien idatzizko finala izango da, eta ostean, 11:30ean, ekingo dio bat-bateko finaleko zortzikoteak.

Informazio guztia hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button