Voz, palabras, lenguas. Voix, mots, langues. Voice, words, languages da libururen titulu osoa. Liburu hau euskal olerki-antologia da eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez irakurri ahal da, izan ere poema guztiak hizkuntza hauetan paratu dituzte. Pablo Gonzalez de Langarica eta Sebastian Gartzia Trujillo dira lan honetaz arduratu diren adituak.
Liburuan, hamar idazleren olerkiak biltzen dira, euskaraz idazten duten bost egile eta bestetik, gaztelaniaz idazten duten beste bost poeta. Euskarazkoen artean Juan Mari Lekuona, Bitoriano Gandiaga, Gabriel Aresti, Xabier Lete eta Bernardo Atxaga kokatu dituzte eta gaztelaniazkoen artean Angela Figuera, Blas de Otero, Javier de Bengoechea, Jorge Gonzalez Aranguren eta Blanca Sarasua.
Lan handia izanda guztien gaineko oharrak egitea eta aukeratutako testuak aztertzea, horretarako González de Langaricak eta Gartzia Trujillok beste espezialistengana jo dute. "Olerkarien hautaketa koordinatzaile bion erantzukizuna izanik ere, olerkari bakoitzarengan espezialistak diren kritikaririk prestuenetarikoak ekartzen saiatu gara. Espezialista horiei egokitu zaie olerkiak hautatzea ez ezik, hautu horren arrazoiak ere azaltzea sarreratxo labur banatan" azaldu dute.
Aditu horiek egile bakoitzaren gaineko hitzaurrea egin dute sarrera moduan. Jon Kortazar, Pello Zabala, Kirmen Uribe, Amaia Iturbide eta Iñaki Aldekoa, batetik, eta Jose Ramon Zabala, Juan Jose Lanz, Jose Fernandez de la Sota, Felipe Juaristi eta Seve Calleja, bestetik izan dira lan nekosoa euren gain hartu dutenak.
Beste aldetik, Luigi Anselmi, Felipe Juaristi, Jose Ramon Zabala eta Amaia Iturbide aritu dira euskal itzulpenetako lanetan eta frantsesera egiten Hélène Laurent eta Itxaro Borda arduratu dira, eta ingeleserako itzulpenak Eli Tolaretxipik eta Amaia Garbantxok egin dituzte.
Nontzeberri