
Larunbatean, hilak 20, Artedrama konpainiak Miñan antzezlan entzutetsua eskainiko du Irunen, Amaia Kultur Zentroan.
Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da antzezlan hau, hark ahoz kontatua, Amets Arzallusek idatziz jasoa, eta Artedramak antzerkira egokitua. Piezan Ander Lipus, Sambou Diaby, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye aktoreak arituko dira. Lanaren egokitzapena Timberlake Wertenbaker adituaren ardura izan da, eta zuzendari lanetan Ander Lipus aritu da.
Arzallusek kaleratu duen lanak Ibrahima Balde ginearraren bizipenei ematen dio ahotsa. Irungo harrera sarean ezagutu zuten elkar, Amets Arzallus asiloa eskatzen dutenei tramitazioa egiteko laguntzen zebilela. Elkarrizketa horretan sortutako harremanaren emaitza da Arzallusen eleberria. Anaia desagertuaren atzetik hartu zuen Ibrahima Baldek Europarako bidea, sorterria, familia eta bere bizitza atzean utzita. Hala, bidaia horren kronika da Miñan, Balderen ahotsaz eta Amets Arzallusen hitzez sortutakoa.
“Mediterraneoa zeharkatzen dutenek deshumanizatzea ezinbestekoa dute, beraien heriotzen, kanporatzeen edota ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da, eta, beraz, unibertsala”, Arzallusen hitzetan. Izan ere liburu honen istorioak horixe kontatzen eta azpimarratzen du, “berezia duelako zauria, eta berezia kontatzeko manera, hitz egitean han balego bezala”, argitzen du Arzallusek eleberriaren inguruko azalpenak ematerakoan.