
Zirku eta kale ikuskizunak izango dira asteburu osoan, maiatzaren 10etik 12ra arte, Arrigorriagan, XVIII. Nazioarteko Clown eta Pailazo Jaialdiaren barruan.
Hala, Cía. Estropiziok bi trapezio bi ikuskizun aurkeztuko ditu gaur, maiatzak 10, Udaletxe plazan. Gaurko egitaraua Jon Zabal magoaren ilusionismo saioarekin osatuko da.
Larunbatean, maiatzak 11, Por humor al arte konpainiak Kajaestán obra aurkeztuko du eguerdian. Arratsaldean, aldiz, Tiritirantes taldeak Patas arriba trapezio ikuskizuna erakutsiko du, eta Colas Rouanet malabarista frantziarrak Notre vie…; azkenik, Belgikako D’Irque & Fien konpainiak Carrousel des moutons antzeztuko du.
Igandeko ikuskizunak ondokoak izango dira: eguerdian, Malas Compañías taldearen Orsai; eta, arratsaldez, David Batllól-ek malabarismo ikuskizuna egingo du; Zanguango Teatrok Aquí va a pasar algo komedia aurkeztuko du, eta jaialdiaren azken ikuskizuna Australia eta Israelgo kideek osatutako Circo Pitanga¡ bikoteak Rêves d’êtè trapezio saio ikusgarria antzeztuko du.
Bestelako ekitaldiak ere izango dira, gazteentzako esgrima ikastaroa, eta haurrak zirku arteetara hurbiltzeko tailerra, besteak beste.