LITERATURA

Bizkaidatz Lehiaketaren VII. edizioaren deialdia

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaidatz, Jarraitzeko prest? Orain, zure txanda da literatura sariketa aurkeztu du gaur goizean. Lehiaketak istorio biren hasiera proposatzen ditu eta parte-hartzaileek hasiera horri jarraika bukaera eman beharko dute. Edizio honetan, Ana Urkizak eman dio hasiera euskarazko istorioari, eta Ivan Repilak, berriz, gaztelaniazkoari. Argazki Kamera da euskarazko istorioaren izenburua, eta Delito al azar gaztelaniakoarena.

Miren Josune Ariztondo Kulturako foru diputatuak “sariaren xedea bizkaitarren sormena bultzatzea da, euskaraz zein gaztelaniaz eta, gainera, Diputazioko liburutegian egiten diren beste ekimenen (hitzaldiak, literatur tailerrak, irakurketa klubak,….) osagarria izatea” esan du gaur goizeko prentsaurrekoan.

Parte hartzeko interesa izanez gero, adi honi: lehiaketa honetan, hamasei urtetik gorako herritar orok har dezakete esku, eta horretarako, sarirako aurkezten den kontakizunak (16 orri gutxienez, eta 20 gehienez) egile bietako batek proposatzen duen istorioari jarraipena eman behar zaio, euskaraz edo gaztelaniaz. Lehiakide bakoitzak nahi beste lan aurkez dezake, baina lan guztiak egokitu behar zaizkie egileek sarirako aurkeztutako kontakizunaren hasierari, pertsonaiei eta egoerei.
Kontakizunen lau kopia aurkeztu behar dira, Bizkaiko Foru Liburutegian: Diputazio kalea, 7. 48008 Bilbo. Lanak jasotzeko epea 2015eko otsailaren 20an amaituko da, 13:30ean.

Sariak goxoak dira euskarazko zein gaztelaniazko lanetan: 1500 euro eskuratuko ditu irabazleak; eta bigarrenak 500 euro. Lehiaketa irabazten duten kontakizunak argitaratu egingo dira, eta Liburuaren Nazioarteko Egunean aurkeztuko da argitalpena, hau da, 2015eko apirilaren 23an.

Joan den urtean 85 pertsonak hartu zuten parte, eta 11 lan baino ez ziren euskarazkoak. Animatu eta osatu amaiera ederra!

Parte hartu nahi baduzue, baseak eta jarraitzeko testuak hemen eskura ditzakezue: www.bizkaia.net/foruliburutegia

Beste aldetik, primizia moduan aipatu behar da, Bizkaidatz txikia ere egingo dela laster barru, Miren Josune Aristondok esan duen bezala, “txikienen artean, irakurtzeko eta idazteko zaletasuna bultzatzeko”. Hurrengo edizioa baino lehenago jakingarri guztiak zabalduko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button