
Elkar argitaletxeak HAK’AMARRA bidaian PEIO DOSPITAL-ekin! Rugbiaren anaitasuna diskoa aurkeztu du gaur Baionan. Diskoak errugbiaren eta euskal kantaren historia kontatzen du, betiere, Peio Dospital pertsona ezagunaren inguruan moldatua.
Peio Dospital Doxpi 1950ean jaio zen; bizitzako lehen urteak Itsasu eta Ezpeleta artean egin zituen. Hamabost urterekin eman zituen errugbian lehen urratsak. Horretaz gain, musika zalea ere bada. Horren erakusle, 1986an Mixel Etxeberrirekin batera grabatu zuen Euskal Besta diskoa.
Aurten Zeelanda Berriko munduko errugbi txapelketaren harira, Doxpiren proiektua urruneko herrialdeetara iritsiko da. Doxpik eta Hak’Amarra (Haka maorien dantza tradizionala da) taldeko musikariak eta abeslariak selekzioaren partidetan izango dira. Bide batez, hainbat kontzertu eskainiko dituzte. Jai giroan egindako disko mamitsua da; festarako kantuak dira, herrimina darienak. Peio Dospitalen historiaren inguruan moldatutako abestiak dira; errugbia bere bizitzaren ardatz egin duen gizon baten inguruan gauzaturiko diskoa.
Entzun Rugbiaren Anaitasuna kantua.