
Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle-irakasleek Klasikoen 18. Irakurketa jarraitua antolatu dute hamazortzigarrenez, ikasturtearen amaieran eta Ikasleen jaia ospakizunaren barruan. Aurtengo ekainaren 5ean, eta, beti bezala, Arriaga antzokian egingo da irakurketa-jaialdi eder hori.
Aurreko urteetan honako lan handiak irakurri dira: Axularren Gero, Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Sarrionandiaren Narrazio Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren %100 Basque, Txomin Agirreren Kresala, Anjel Lertxundiren Otto Pette, Mariasun Landaren Ipuin hautatuak, Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, Saizarbitoriaren Martutene, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat, Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao; eta, aurten, Bizenta Mogelen Ipui Onac lana izango da irakurriko dena.
Lan honekin, aitortza egin nahi zaio euskaraz liburu bat argitaratu zuen lehen emakumeari.
Bizenta Mogel idazle azkoitiarrak idatzitako ipuin-liburua da, 1804an argitaratutakoa. Gipuzkerazko alegia-bilduma bat da, Esoporenetatik latinetik itzuliak edo egokituak. Bizentaren alegiak hizkuntza ulerterraz eta atseginean daude idatziak, ahalik eta irakurle gehienengana iristeko.