IKUS-ENTZUN

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak bere sariak banatu ditu

Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 27. edizioko Sail Ofizialeko epaimahaiak Mathieu Turi zuzendari frantziarraren Méandre filmari eman dio Film Luzerik Onenari Saria, “fantasiazko zinema hutsa aldarrikatzen duen proposamen sinplea eta zuzena delako”. Márk Bodzsárren Comrade Drakulich filmak aipamen berezia lortu du “oso estetika landua duen umorezko eta beldurrezko istorioa izateagatik, gerra hotza hondoko oihal gisa erabiliz”.

Film laburrei dagokienez, Epaimahaiaren Saria Sail Ofizialeko Film Laburra Onenari Javier Khüneren Flora lanarentzat izan da “beldurrezko generoaren jatorri historikoei dagokielako, eszenaratze dotore eta zaindua erabiliz”. Gainera, Alberto Vázquezen Homeless Home aukeratu dute Euskal Film Laburrik Onena izateko. Bere kasuan, epaimahaiak “gizarte izugarri baten erretratua, animazio teknika original eta zirraragarri baten bidez” nabarmendu du.

Publikoak ere zeresan handia izan du Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren edizio honetan, eta Erik Camposen Si te mueres, te mato filmari eman dio Publikoaren Saria Film Laburrik Onenari.

Bestalde, Euskal Gidoigileen Elkarteak Sail Ofizialeko Film Luzeko Gidoirik Onenari Saria Anthony Scott Burnsen Come True lanari eman dio. FANT 2021 honetan, Sail Ofizialeko Zuzendari Berritzaileenari FAS Zineklubak Emandako Saria Mother Schmuckers-entzat da, Harpo Guit eta Lenny Guitena.

Ikuspegi Fantastikoa sailaren epaimahaiak Julian Richbergen Arboretum filmari eman dio Film Luzerik Onenaren Saria “fantasiaren bidez, gazteek denboran irauten duten autoritalismoekiko duten zaurgarritasuna testuinguruan kokatzen duelako”. Sasha Voronoven Mom, I Befriended Ghosts pelikulari ere eman diote aipamen berezia.

Sail honetan, Film Labur Onenari Saria Isabela Littger de Pinho, Bruno Cohen, Rohit Kelkar, Yujia Wang, Germaine Colajanni eta Rohan Deshchougeren Blind Eye filmari eman diote. Epaimahaiak nabarmendu duenez, “Platonen haitzuloaren mitoa bezalako kontzeptu konplexu bat modu erraz eta irudimentsuan biziberritzen du”.

FANTen sari guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button