ARTEA

Antoni Tapiésen obra grafikoa Donostian

Iragan otsailean zendu zen Antoni Tapiés pintore kataluniarraren obra grafikoa paratu dute Donostiako hiru gunetan, Okendo eta Aieteko Kultur Etxeetan eta Ernest Lluch zentroan. Erakusketa zabalik dago ekainaren 30era bitarte.

Erakusketak abangoardiako pintore bartzelonarraren ikuspegi didaktikoa eskaini nahi du 40 piezaren bitartez. Gehienak 70eko hamarkadatik 90eko hamarkadaren amaierara bitarte daude eginda. Lanon bitartez, bisitaria artistaren ekoizpen piktoriko eta eskultorikora ere gerturatuko da bere obra grafikoarekin antzekotasun asko baititu.

Donostia Kultura webgunean jasotzen denez, “Antoni Tàpies-ek beti litografia eta akuafortea erabili izan ditu. Beste teknika batzuk nahastuz (kollagraph, karborundum, flokadoa eta kollage) askotan erliebe eskultorikoa ohiko azal zapalen gainean eraikitzen du”.

Donostiak ikusgai dauden litografiak bere ohiko elementuekin zipriztinduta daude, hala nola, zenbakiak, trazuak eta idatziak, eta gurutzeak. Gorri-hori, gris, beltz eta gorri koloreak nagusitzen dira.

Hiru gunetan ikus daitekeen erakusketak, artista katalanaren hiru alderdi erakutsiko ditu: Okendon Tapiés grabatzailea ikusi ahalko da, Aieten Eguneroko objektuak eta Ernest Lluchen Idazketa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button