MUSIKA

Rock and roll emanaldi koipetsua egingo dute Donostian

Rock and roll hitzordu parranderoa atondu du Red Ribbon Music agentziak otsailaren 11n Donostiako Larratxo Kultur Etxean (Altza). Izan ere, egun horretan Espainiako hiru talde basati arituko dira, Doctor Explosión (Asturias) Wau y los Arrrghs!!! (Valentzia) eta Los Chicos (Madrid).

Doctor Explosion hirukote asturiarrak dagoeneko ibilbide luzea egin du. Izan ere, Jorge Explosion gitarra jotzaile, abeslari eta soinu teknikariak gidatuta, 20 urtetik gora daramatzate diskoak grabatzen eta kontzertuak egiten. 60ko hamarkadako estiloak jorratzen dituzte, hala nola, beat eta garage rock doinuak, eta Hablaban con frases hechas da euren azken lana. Kontzertuetan umore zorrotza erakusten dute eta festa zale amorratuak dira.

Valentziako Wau y los Arrrghs!!! ere parrandero sutsuak dira. Ezbairik gabe munduan dagoen garage-rock talde nagusienetarikoa da. 60ko hamarkadako punk talde ilunekin osaturiko bilduma guztiak buruz ikasi ondoren, –Back From The Grave, Nuggets edo Pebbles-, bi disko argitaratu dituzte, azkena ¡Viven!. Grabazio hori, gainera, mundu osoan aurkezteko aukera izan dute. Nabarmentzekoa da Juanito Wau! abeslariaren hitzak eta karisma.

Hirukiaren hirugarren erpina Madrileko Los Chicos bandak osatzen du. Madrildarrak pub rock estiloa jorratzen dute eta euren emanaldiak, izerditsuak, dantzagarriak eta kontrolik gabekoak izaten dira. 2010. urtean We Sound Amazing But We Look Like Shit izenburuko diskoa grabatu zuten eta oraintsu bilduma bat argitaratu dute Australiako Off The Hip zigiluarekin. Etengabe aritzen dira jotzen, agertokian jaio direla dirudi.

Izerdiz eta garagardoz blai egindako R&R festa izango da!!!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button