ESZENA

Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia

Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia bere 39. ediziora heldu da, eta azaroaren 21tik 29ra bitartean ikuskizunik xelebreenak eramango ditu oholtzara. Eta beti ere helburu zehatz batekin, istorioak, fantasiak, tradizioak, sentimenduak eta egunez egunekoaren gaineko ikuspegiak adierazteko hain baliotsua den txotxongiloen artea sustatzea.

Juanjo Corrales Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren zuzendariak honela azaldu du jaialdiaren izpiritua: “Aurtengo Bilbao TX 2020ko edizioa aurrera ateratzea gure publikoarekin dugun zorra kitatzera dator, baita ere kultura, sorkuntza eta txontxongiloen espresio artistikoari men egiteko. Oztopoak oztopo hemen gaude, egoerarekiko harreman onarekin, ematen digun espazioa probesten, ondoeza eta kexuen labirintoan galdu gabe. Aurreko edizioetako normaltasunean egindako gauza asko egiteke geratu dira aurten. Ezin izango dugu aurrera atera kanpaina eskolarra ezta aste eszenikoen profesionalei zuzendutako formakuntza zikloa (hurrengo udaberrira atzeratzen dena). Baina publiko zabalari egiten diogu gonbita antzokira hurbildu daitezen beldurrik gabe. Eta baita ere arte eszenikoen sortzaileengana zuzentzen gara, maila goreneko formakuntza zikloan parte har dezaten, gure izaera hezitzailea bultzatuz”.

Aurten jaialdia Bilbo inguruko auzo eta herrietan ere gauzatuko da, erakunde publiko eta udalerri txikiekin kolaboratzen, programazio kulturalaren beharrean dauden tokietara heltzeko xedez.

Hortaz, aurten ere, txontxongilo eta objetu animatuek Bilboko haur eta publiko familiarrarekin duten hitzordua berretsiko dute, proposamen artistiko berriekin, eta jaialdiaren 39. edizio honetan, Estatuko Autonomi Erkidegoetatik eta inguru hurbiletik helduko dira hainbat konpainia, tokiko txotxongilo ekoizpen artistikoaren erakusleihoa izanik.

Emanaldi gehienak Campos antzokiko Cupula aretoan izango dira arratsaldeko 18:30ean baina Bilboko auzo eta inguruko herrietan emanaldiak eta ekintzak ere egingo dira: Otxarkoaga, Basurto, Errekalde, San Frantzisko, Arrigorriaga, Areatza, Larrabetzu eta Lezaman.

Jordi Beltran, EL Patio, Tiratafloja, Anita Maravillas, Los Titiriteros de Binefar, La Puntual edota The Moving Compass besteak beste dira aurtengo edizioan parte hartuko duten konpainiak. Ikuskizunen hizkuntzari dagokionez, sei hitzik gabekoak, lau euskaraz eta bi gaztelaniaz izango dira.

Datu guztiak, ordutegiak eta abar hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button