LITERATURA

Garazi Kamioren “Beste Norbaiten Zapatak” lana kalean

Joan den urteko Igartza Saria izan zen Garazi Kamioren Beste Norbaiten Zapatak lana. Atzo aurkezpen bikoitza egin zuten lan honetaz, Donostiako Elkar aretoan eta Beasaingo Igartza Jauregian.

Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF enpresaren babesarekin eta Elkar argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz konbokatzen da Igartza Literatura Sorkuntzako Beka. Honek, 6.000 euroko diru-laguntza du. Eta diogun bezala Garazi Kamioren Beste Norbaiten Zapatak izan zen lanik onena.

Hasierako orriak, Castillo Suarezen poema gogoangarriaren zati batekin zabaltzen da liburua (“Ez dakit beste norbaiten zapatak jantzi dituzun noizbait. Maitale desleial batenak, esate baterako, harengana hurbilduko zintuztelakoan”.), non lankide baten amaren hilbeilak egonezinik uzten duen gizona, giza harremanak matematika-ekuazioen arabera ikusten dituen bikotea, autobusean bidaia luze bat egin behar duen lagun parea, alaba gaixoa ospitalera eraman behar izan duen ama,… eta halako pertsonaiak agertzen diren.

“Ingurura begiratuta, uste baino gauza gehiago topa genitzake. Bitxikeriak gure ondoan daude, begiratu besterik ez dugu egin behar. Egoera bitxiak irudimenean ere sor daitezke, egunerokotasunak ematen dituen beldur edo izuetatik, esaterako”, dio Garazik.

Izan ere, era askotakoak dira Garazi Kamioren ipuinetako pertsonaiak, sexuz, adinez, bizibidez eta kezkaz. Askotarikoak dira, halaber, kontakizunen tankerak. Denetan nabarmentzen da, ordea, gizon-emakumeenganako begirada berezi bat.

Garazi Kamio Anduaga (Andoain, 1979). Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna, zenbait hedabidetan lan egina, Irakasletza ikaslea. Hauxe du lehenengo liburua.

Show More

Related Articles

Back to top button