LITERATURA

“Estalien gradora” poema liburua kalean

Atzo, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan, Joxe Austin Arrietak eta Txalapartako ordezkariek Estalien gradora izeneko poema liburua aurkeztu zuten.

Txalapartaren arabera, “poema antologia honetan Joxe Austin Arrietak azken hiru hamarkadetako poemak bildu ditu, Edgar eta Niketz alter egoen elkarrizketak harilkatuta azaltzen dizkigunak. Ikuspuntuan zorrotz, estiloan jostari, irudi indartsuz azaltzen du Estalien Gradora egilearen barne-borroka”.

Autoreak berak aitortzen duen bezala, ez gara “Volgaraino iritsi, baina borrokatu gaituk, ahalik eta zorrotzen, ahalik eta zuhurren. Ez dugu helburua lortu baina hurbildu bai, hurbildu gaituk”.

Liburuaren kontraportadan, barruan aurkituko dugunaren gaineko zertzeladak agertzen dira:

Zoazte. Literaturarik ez.
Hau poesia da. Behar du izan.
Hartzidura radarrez kontrolatua.
Hitza Estalien Gradora, Volgaraino.
Atxik-lotu estatua goroldiotuak.
Birbatu berbaro sakabanatuak.
Galdekatu presonierrak ohi legez.
Leherrarazi Traktoreen Faktoria.
Ekarri gure lineetara Zuhandor.
Elegrafiatu etsaimenduak oro.
Wait for further orders.

Joxe Austin Arrietak (Donostia, 1949) poesia, narrazioa eta itzulpengintza jorratu ditu. Lan hauek argitaratu ditu, besteak beste: Abuztuaren 15eko bazkalondoa (GAK, 1979), Manu militari (Elkar, 1987) eta Terra Sigillata (Txalaparta, 2008), eleberriak. Poesian Bertso-paper printzatuak (Elkar, 1985), Mintzoen mintzak (Elkar, 1989) eta Graffitien ganbara (Kutxa, 1995), lanak. Literatura unibertsaleko eleberri ospetsu hauen itzulpenak: Marguerite Yourcenarren Hadrianoren oroitzapenak (Elkar, 1985), William Goldingen Eulien Ugazaba (Elkar, 1990), Max Frischen Homo Faber (Elkar, 2001) eta Marcel Prousten Denbora galduaren bila- Swann-enetik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button