MUSIKA

Izaki Gardenak bandak “Aurri gara” aurkeztu du

 

Jon Basagurenek (ahotsak eta gitarra) Izaki Gardenak bandaren Aurri gara izenburuko bigarren disko aurkeztu du gaur goizean, Bilbon, Oihuka argitaletxeko kide Anjel Valdes ondoan duela. Taldeko buruaren arabera, “disko osoagoa da, trinkoagoa, koherentea hasieratik amaierara”.

Taldean izandako kideen aldaketak gorabehera, lan fina egin du Izaki Gardenak bandak bigarren disko honetan. “Aurrekoa baino sendoagoa da: Diskoa izan dugu uneoro buruan, eta buruan genuena soinuaren bidez egitea lortu dugu”.

Grabazio honetan nabari da taldea gero eta erosoago dagoela bere estiloan, Americana generotik edaten duen folk eta rock klasikoa. “Kontzentzio puntu bat dago, hala interpretatzerakoan, nola konposatzerakoan; ez dut ezer demostratzeko beharrik izan, gustatzen zaidana egin dut”.

Hala, diskoan tempo erdiko kantuak biltzen dira, konponketa iradokitzaileekin jantziak eta melodiekin apainduak. “Kantuari garrantzi handia ematen diogu, ez dugu egituretan askorik esperimentatzen”.

Hortaz, abestietan estribilloen melodiak nabarmentzen dira, baina bestelako ñabardurei itzalik egin gabe. “Gitarra konponketa asko daude, kantu bakoitzak bere gitarra soinua dauka, eta Libek ere tartea izan du teklatuak eta ahots gehiago sartzeko”. Horren harira, Victor Sanchez teknikariaren lana laudatu du. “Sakontasun handiko kantuak dira, hainbat geruzekin eginak”.

Giro malenkoniatsuarekin bustita dator grabazioa , “baina interpretazio askoko hitzak daude, eta ukitu positiboa ere badu diskoak”.  “Kantatzeko orduan, lasaiago aritu naiz, oihurik egiteko beharrik gabe, xuxurlatzen saiatu naiz”, gaineratu du.

Orain arteko ibilbidea laburra izanagatik ere, Izaki Gardenakek disko sendoak argitaratu ditu, eta apurka-apurka soinu propioa definitzen ari da. “Zailena soinu bat izatea da, eta harro gaude uste dugulako soinu jakin bat badugula, “izaki” soinu bat badagoela”.

Osteguneak, hilak 5, Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute lan berria. Gero, Gasteiz (azaroak 12), Donostia (azaroak 27), Durango (abenduak 6) eta Iruñea (2016ko urtarrilak 9).

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button