BESTELAKOAK

Bilblogari blog lehiaketaren saridunak

Bilblogari blog lehiaketak baditu bere irabazleak eta egun batzuk iragan badira ere hona ekarri nahi ditugu izenak eta lanak.

Egun horretan, Bilboko Udaleko Euskara Zinegotzia den Ana de Castroren hitzen ostean, Nontzeberriko kideek balorazio txiki bat egin zuten. Julen Gabiriak eta Karmele Perez de Urrazak epaimahaikideek hartu zuten parte blogaren mundua zertan den komentatzeko.
Ondoren sari banaketari ekin genion eta hauexek izan dira aurtengo Bilblogari lehiaketaren irabazleak:

Blog tematikoaren atalaren barruan euskara eta euskal kultura luze-zabalean jorratzen duen bloga izanik, hizpide dituen gaiei buruzko ikuspegi landua eskaintzen du saridunak. Liburuen kritikak, kulturari buruzko hausnarketak eta fikziozko kontakizunak uztartzen dira bertan, maiztasun handiz eta era erakargarrian.
Blog tematikoa ataleko saria izan da Euskaltzale 2.0 blogarentzat (Adrian H. Llorente Aginagalde)

Blog pertsonala: Euskara zaindu eta onean, artikulu mamitsuz osatuta, jakintza askearen aldeko aldarria egiten duen bloga da honako hau. Internetez, politikaz, bidaiez zein beste hainbat gaiz osatutako bloga da, hainbat esteka eskaintzen dituena egileak sare librearen alde egiten duen lana ezagutu ahal izateko.
Sariduna atal honetan Hamahiru (Mikel Iturbe Urretxa)

Blog kolektiboa edo taldeko bloga: Testua eta argazkiak bata bestearen osagarri gisa uztartuz, blog honek arkitektura lezio bikaina ematen digu, hurbiltasunez eta modu egokian, artikulu dibulgatiboen bidez eta euskara txukunean. Denoi dagokigun gai bat, denon hizkuntzan adierazia.
Irabazlea atal honetan: Aldiri (Ula Iruretagoiena Busturia)

Blog originalena: Blog bat nola bihurtu daitekeen sorkuntza-prozesu baten ispilu? Hona hemen erantzuna. Blogak ez baitira soilik hausnarketarako esparrua, baizik eta, zergatik ez, proiektu jakin baten garapenaren berri ematen duen gunea ere. Bloga, sormenaren esanetan; eta sormena, biluzian, denon bistan.
Epaimahaikideen iritziz Kap-nere (Nere Soriano Sainz)

Hauxe izan da Bilblogari 2009 eta datorren urtean beste edizio bat jarriko dugu abian, zuentzat eta zuek bezala blogintzan jarraitu nahi dutenentzat. Eskerrik asko parte hartzeagatik eta datorren urtera arte.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button