ESZENA

Urtearen amaieran Jardunaldi Monstrenkoak Gasteizen

Kolektibo Monstrenkok antolatuta, Jardunaldi Monstrenkoak izango dira aurten ere, abenduaren 15etik 31ra bitartean.

Jardunaldiak abenduaren 15ean hasiko dira, 21: 00etan, Daniel Higienicoren emanaldiarekin. Umorez, hausnarketaz, musikaz eta antzerkiz osatutako kontzertu-ikuskizuna da, dibertigarria eta sailkaezina.
Hurrengo egunean, hilak 16, The Twin Rebels talde gasteiztarrak joko du. Oraingoan gai berriekin eta jende gehiagorekin taula gainean, urteari agur esateko. Igandean, hilak 17, 12:30ean, Koilara Teatroren Tolondrados working progressa ikusi ahal izango da. Inda Pereda eta Aitor Vinagret aktoreek idatzi eta protagonizatzen dute.
Egun horretan bertan, 19:00etan, Jorge Dutor & Guillem Mont de Palolen Los micrófonos ikusi ahal izango da. Obra, pop izar ospetsuen izenekin, haien abestien doinuekin eta filmetako esaldi ezagunekin eraikitako txotxongilo pieza da.
Abenduaren 22an, 21:00etan, Ameno & Danilo Facelli Kolektiboaren La vida es una fuerza oscura lana ikusi ahalko da.
Larunbatean, hilak 23, 12:30ean, Erregalu, erregailu! euskarazko lanaren txanda izango da, Arabazan Taldearen eskutik, Itziar Rekalde, Odei Arregi, Ane Arrugaeta, Josune Garcia de Bikuña eta Ane Gebararen parte-hartzearekin. Eta gauean (21:00) Kolectivo Monstrenko & Legaleón T taldeek A pesar de todo pieza egingo dute. Hortxe daude Esperanza López eta Txubio Fernández de Jáuregui, eta denboraren iragaiteari buruzko pieza komiko bat aurkeztuko dute.
Hilaren 27an, goizean, Parsite Kolektiboa arituko da Eguzki Donnellan eta Hannah Whelanen Oracle Motel antzezlanarekin, Marina Suarezen zuzendaritzapean.

Aipatu beharreko beste lan bat Artxibo biluzia da Metrokoadroka kolektiboarena. “Ekintza eszenikoa, dokumentua, performancea eta antzerkiaren mugetan mugitzen den pieza eszenikoa da Artxibo biluzia. Bi aktore ikusiko ditugu eszenan, publikoarekin elkarrizketan, ikerketa bat abiatzen: dokumentua akzioaren pizgailua izan daitekeen frogatu nahian.”

Azken egunean, 31n, Espejismos- El lado Épico lana egingo du Kolectivo Monstrenkok. “Zer nahi duen dakien jendea, baina berehala ahazten zaiona. “Buruan hainbeste gauza dituen jendea, horiek guztiak haientzat ezin direla izan pentsatzen duena. Buruan dituzten gauzak beraienak ez balira bezala, ez dute serio hartzen, baina hori gutxienekoa da, badakizu.”

Egun guztietako programazio zehatza hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button