
Gasteizko Artium zentro eta museoan, Beti barrez dagoena izenburuko zinema-zikloa hasiko da gaur, The Man Who Laughs (Paul Leni, 1928) filmaren emanaldiarekin. Zentroaren arabera, “tragikomedia kutsuko filmak bildu dira, umorearen alderdi guztiak jorratzen dituztenak: barrea, ironia, kritika, satira…”. Museoan, gainera, Anton Royoren izen bereko erakusketa dago ikusgai.
Victor Hugo idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako film mutua da The Man Who Laughs. Film klasikoa da, eta hainbat diziplinatako sortzaileentzako inspirazio iturri izan da; esaterako, Batman komikiaren egile Bob Kanek pelikula honetako pertsonaia irribarretsua hartu zuen oinarri Joker maltzurra sortzeko.
Zikloa ondoko filmekin osatuko da: irailaren 13an, Simón del desierto (Luis Buñuel, 1965); 20an, Broadway Danny Rose (Woody Allen, 1984); 27an, Du levande (Roy Anderson, 2007); urriaren 4an, Kynódontas (Yorgos Lanthimos, 2009), eta azkenik, 11n, A Serious Man (Joel Coen eta Ethan Coen, 2009). Filmak jatorrizko bertsioan pantailaratuko dira, gaztelaniazko azpitituluekin.