
Mojo Workin soul eta rhythm and blues estilo beltzei buruzko asteburu musikala da. Antolatzaileak 50 eta 60ko hamarkadetako musikarien zaleak diren aldetik, sasoi horretako artistak ekartzen dituzte Gipuzkoako hiriburura.
Hala, aurten hauexek izango dira Gazteszena aretoko oholtzan: ostiralean, Darron Fletcher eta The Flirtation estatubatuarrak; larunbatean, berriz, William Billy Prince eta Mitch Ryder.
Fletcher Chicago hirian jaio zen 1951n, eta sei urterekin hasi zen abesten. Soul musikari preziatua da estilo beltzen jarraitzaileen artean. The Flirtations, berriz, emakumez osatutako 60ko urteetako soul eta rhythm and blues hirukotea da. Estatubatuarrak izanagatik ere, ibilbide arrakastatsua egin zuten Ingalaterran.
Detroit hiriko William Prince The Precisions talde mitikoaren sortzaile eta abeslaria izan zen. If This Is Love kantu ezaguna grabatu zuten, zeina R&B eta pop listetara hedatu zen. Hala, Detroit hiriko soul-aren ordezkari nagusienetako bihurtu ziren. Mitch Ryder ere Detroit hirikoa da, baina zuria. Bere taldea, Mitch Ryder & The Detroit Wheels, Blue Eyed Soul (zuriek egindako soula) estiloaren ordezkari azpimarragarriak izan ziren. 1967ra arte, disko bikainak kaleratu zituen, tartean, Take a ride, Breakout eta Sock it to me.
Gaur, halaber, asteburu beltz hau ospatzeko blues kontzertu-jaia izango da Dabada aretoan, 20:00etatik aurrera: Paul San Martin (Donostia) eta Guitar Lightnin’ Lee (New Orleans).
Kontzertuez gainera, soul, rhythm and blues, funk eta antzeko estilo dantzagarrietan adituak diren DJk arituko dira asteburu osoan.
Egitarauari buruzko xehetasun guztiak, hemen.



