
Soul, funk, rhythm and blues eta antzeko erritmo beltzak jorratuko ditu Bilbao Black Experience jaialdiak, estreinakoz egingo dena Bizkaiko hiriburuan, ekainaren 25etik 28ra.
Jaialdiaren antolatzaileak hainbat jarduera iragartzen ari dira sare sozialen bidez: kontzertuak, solasaldiak, DJ saioak, zine-emanaldiak… Horrekin batera, Nepalgo lurrikarek eragindako kaltetuen aldeko ekimen bat ere egingo dute, Spirituals to Nepal. Gospel Bilbao izenburupean.
Nepalen aldeko ekimen hori ekainaren 26an egingo da, BBK aretoan. Egun horretan Gospel Bilbao 30 musikari inguru biltzen dituen elkarte musikala eta Cherry boppers funk banda izango dira oholtzan, biak ala biak Bilbokoak.
Ekainaren 27an, halaber, beste kontzertu bat izango da areto berean: Boogie Riders blues hirukotea eta Madrileko Cosmosoul soul banda. Emanaldia amaitu, eta gauerdian, estilo beltzak jorratzen dituzten DJk arituko dira Kafe Antzokiko Stereorocks aretoan: Twist Twist & Julen Blaká, Dj Nash eta Igu (Allnighters).
Kontzertuez gainera, bestelako jarduerak ere izango dira, tartean, emakume afroamerikarren orrazkerei buruzko Good Hair dokumentalaren emanaldia, Bilbao Black Photo Experience argazki erakusketa, edo musika, artea eta mugimendu beltza lotuko dituen hitzaldia.
Egitaraua oparo horren berri izateko sar zaitezte ekimenaren Facebook webgunean.



