
Gabriel Aresti poetaren heriotzaren 50. urteurrenean haren figura eta obra goraipatzeko asmoa du Ekida arte ekimen sozialistak. Horretarako, haren bizitzan eta lanetan oinarritutako Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean izeneko antzezlana egingo du apirilaren 13an, Bilboko Kafe Antzokian. Antzezlanean lau aktore eta bederatzi musikarik parte hartuko dute.
Gabriel Arestiren obra eta bizitza oinarri hartuta ondu da pieza, baina “ez iraganari begiratuta, ezpada Arestiren figura etorkizunaren aurrean jarrita. Ez memoria bidezko omenaldia egiteko, ezpada Arestik oraindik gaurkorako eta biharkorako balio digula aldarrikatzeko.
Gabriel Aresti, beti gizakiaren alde paratuko zela esan zuena, poesia mailu bat dela aldarrikatu zuena, hil arte euskaldun eta marxista izango zela zin egin zuena. Nor zen, baina? Ezagutzen al dugu benetan bere izaera eta bere pentsamendua? Etengabe posizionatu zen, baina zein posizio hartu zuen?”
Igandekoaren ostean, eta ekainera bitarte, lau emanaldi aurreikusten dira: Atarrabian (maiatzaren 17an), Kanbon (maiatzaren 25ean), Gasteizen (ekainaren 6an) eta Azkoitian (ekainaren 20an).