MUSIKA

BB King bluesman klasikoaren emanaldiarekin hasiko da Donostiako Jazzaldia ostegunean

BB King blues gitarra jotzaile eta abeslari ezagunak irekiko du aurtengo Donostiako Jazzaldia ostegunean, hilak 21. Kontzertua doakoa izango da eta Zurriolako Hondartzan izango den Agertoki Berdean egingo da, 21:30ean.

BB King blues mito bizia da. 1925. urteko irailaren 16an jaio zen Itta Benan, Mississippi, AEB. Rolling Stone aldizkari ezagunaren arabera, bizirik dagoen gitarra jotzaile onena da. Argitalpen horrek eginiko garai guztietako 100 gitarra onenen zerrendan hirugarren postua eskuratu zuen, Jimi Hendrix eta Duane Allmanen atzetik. Ezaguna da ere, 50eko hamarkadaz geroztik Lucille deitzen diolako bere gitarrari; izen bera duen kantua ere idatzi zuen.

1947. urtean hasi zen bere lehendabiziko kantuak grabatzen Los Angeles hirian RPM Records zigiluaren eskutik. Horietako asko Sun Records diskoetxe mitikoa eratu zuen Sam Phillipsek ekoitzi zituen. King, halaber, disko jartzailea ere izan zen Memphis hirian Beale Street Blues Boy ezizenarekin, gero goitizen hori laburt, eta B.B. deituko zioten.

Bere disko ospetsuena Live at the Regal da. 1964. urtean grabaturikoa Chicago hiriko Regal antzokian. Egun 85 urte ditu eta urtean hogeitaka kontzertu ematen jarraitzen du.

Horretaz gain, Jazzaldiaren lehendabiziko egun horretan honako kontzertu hauek ere ikusi ahal izango dira: Staff Benda Bilili (Agertoki Berdean); Tucson Jazz Institute Ellington Band eta Aloe Blacc (Frigo gunean); Elephant9 eta Eivind Aarset Sonix Codex Quartet (Heineken karpan).

Jazzaldiaren egitarau osoa, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button