
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Parrapean-Komiki Egunak antolatu du, eta azaroaren 27tik 29ra bitartean, Begoñako udaltegiak jardueraz betetako programa jasoko du.
Ekimenaren xedea argi utzi zuen atzo Justo Ezenarro Bilboko Udaleko Kultur Programazio Zuzendariordeak: “Euskal herrian egiten den euskarazko komikiari errepasoa emateko asmoz jaio da Parrapean-Komiki Egunak”.
Hain zuzen ere, euskarazko komikiari buruz egiten den lehenengo jaialdia da. Hala, bihartik, hainbat jarduera izango dira, guztiak ere doakoak, eta euskal komikiaren ingurukoak: hitzaldiak, proiekzioak, tailerrak, eta baita euskaraz istorioak kontatzeko modu horren inguruko azoka bat ere. Gutxiengoen hizkuntzetan argitaratutako komikietan zentratuko den lehen edizio hau iragartzen duen kartela Adur Larrea Santutxuko gazteak diseinatu du.
Hortaz, gaur berton, hasiera emango zaio programazioari, Manel Cráneo marrazkilari, ilustratzaile eta fanzine askoren sustatzaileak eskainiko duen Banda deseñada: cómic con denominación de origen. Crear, producir y financiar cómic en Galicia hitzaldiarekin. Izan ere, gutxiengoen hizkuntzetan, Okzitanian, Galizian eta Euskal Herrian, egiten den komiki lanbideari buruzko hitzaldiak dira ekimenaren ardatza, eta Manel Cráneo, Jean-Claude Pertuzé, Igor Leturia, Dani Fano, Zaldi Eroa, Ion Iñaki Artetxe edo Asisko Urmeneta bezalako marrazkilariak elkartuko dira.
Gaur ere erakusketa zabal bat abiatuko da Edertasun barren eta apal batez: Euskal Binetak (1894-2014) izenburupean, euskal komikiak izan duen ibilbidea ezagutzen laguntzeko.
Ostiralean, azaroaren 28an, 18:30etan, Jean-Claude Pertuzék Dessenhar en occitan-Okzitanieraz marraztu hitzaldia eskainiko du, eta geroago, 20:30ean, Zaldi Eroak, Ion Iñaki Artetxek eta Asisko Urmenetak Kuter, pritt eta tippex. Zer ote diren fanzineak gaiari buruz egingo dute berba.
Paparrean-Komiki Egunak ekimenak bi tailer eskainiko ditu, eta biak ere euskaraz. Ostiralean, azaroaren 28an, hasi eta larunbatean, 29an, amaituz, 10 eta 12 urte arteko umeei zuzendutako Kamishibai ikastaroa, (Aitor Txarterina irakaslearen eskutik), eta 10:00etan, Pernan Goñik emango duena, Graphic recording, 15 urtetik gorakoei zuzenduta. Ostiralean ere, ZINEBI jaialdiaren eskutik, 2013ko edizioan aurkeztutako animaziozko hainbat film eskainiko dira,
Larunbatean, azaroaren 29an, 12:30ean, Nontzefilmak lehiaketaren bitartez, animaziozko hainbat film eskainiko dira euskaraz, baita Izibene Oñederraren lanak ere. Egun horretan ere Parrapean Saria emango zaio Joseph Caminori, hilero argitaratzen zen Pan-pin komikiaren sustatzaile nagusiari. Arratsaldean, Parrapean I. Komiki Lehiaketaren sariak banatuko dira. Eta gero, HB aurkeztuko dute; Unai Iturriaga bertsolariak, eta istoriotxoetan bere lanak Sanvi ezizenez sinatzen dituen Alex San Vicentek egindakoa.
Jaialdiari amaiera emateko, Zazkel taldeak kontzertua eskainiko du larunbatean, arratsaldeko 20:30ean, La Nube tabernan.
Informazio gehiago nahi izanez gero, www.kulturabarrutik.net webgunean bistatu ahal duzue.