MUSIKA

Beste Urtaroak eta Idoia Asurmendi musika taldeen kontzertuak

Gaur, azaroak 26, Beste Urtaroak eta Idoia Asurmendi musika-taldeen kontzertuak antolatu ditu Katapulta Tour Gipuzkoa 2020 zirkuituak, Hernaniko Biteri Kultur Etxean, 19.00etan hasita.

Katapulta Tour Gipuzkoa musikako eta formatu txikiko arte eszenikoetako zirkuitua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuak eta Kutxa Kulturrek bultzatzen dute, Donostia Kultura eta Buenawista Prolleckziom’s-ekin elkarlanean.
Bi helburu nagusi ditu: musikaren eta arte eszenikoen eremuko gipuzkoar talentuak balioan jartzea eta horiek sustatzea.

Beste Urtaroak taldean Iker Lauroba, Leire Letu, Olaia Inziarte, Urbil Artola, Maria Soriazu eta Andoni Etxebeste bildu dira. Ikerren orain arteko diskoetako abestiak hartu eta folk esparrura eraman dituzte, horretarako instrumentu ezberdinak erabiliz: gitarra, piano, lap-steel, ukelele, banjo, cavaquinho… “Une berean urtaro ezberdinak dira munduko hainbat lekuetan, eta nolabait denak elkartu nahi dituzte beraien musikan”.

Idoia Asurmendiri musikarekiko zaletasuna familia girotik datorkio eta txikitatik hasi zen etxeko musika-instrumentuekin esperimentatzen. Aurten hasi duen proiektuaren izena Ilun eta abar da, eta honen helburu nagusia arte ezberdinekin fusio bat egitea da, hala nola, poesia, ilustrazioa, edota musika tresnak. Berarekin Oriol Flores (bateria), Joanes Ederra (baxu elektrikoa eta kontrabaxua), Andoni Garcia (gitarrak) bildu dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button