
Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, Argia, Haritz, Kezka, Duguna, Gure Kai, Maritzuli eta Xinkako dantza taldeetako dantzari eta musikariek Corpus Christi inguruko ospakizunak irudikatuko dituzte Besta Berri izeneko dantzaldian, Bastero Kulturgunean, azaroaren 9an, 20:00etan.
Bilboko Arriaga antzokian estreinatu ondoren, eta Donostiako Victoria Eugenia eta beste hainbat tokitatik pasatu ostean, Andoainera helduko da Corpus Christiren inguruko festetan inspiratuta Argiak prestatu duen emanaldia.
Corpus Christi festa Urbano IVak ezarri zuen 1264an, eta indar harrigarriz zabaldu eta errotu zen Europako mendebaldeko festa egutegian. Gorpuzti eguneko prozesio eta erritualak iruditeria eta dantza agerraldi ederrenen erakusleku izan dira hainbat mendez. Corpus festarengandik egun gutxira, ekainaren 24an San Joan Bataiatzailearen inguruan ospatzen diren solstizioaren inguruko jaiekin lotura egiten du Besta Berrik. Bi horiek, Corpus eta San Joan, ardatz hartuta prestatu du Juan Antonio Urbeltzek Besta Berri ikuskizun berria.
100dik gora dantzari eta musikariz osatutako lan taldeak ikuskizun koloretsu eta alaia eskainiko du.