
Mondo Sonoro doako musika aldizkariaren Zarata gehigarriak urtero antolatu ohi dituen Festa Demoskopikoak egingo dituzte otsailaren 17an Bilboko Azkena aretoan. Hamabigarren edizio honetan hiru talde izango dira oholtzan: Joe La Reina, Wilhelm and The Dancing Animals eta The Cherry Boppers. Azken horiek gonbidatu gisa arituko dira. Emanaldia 20:30ean hasiko da.
Gille, Antigua & Barbuda taldeko bateria jotzaile ohiaren proiektu berria da Wilhelm and The Dancing Animals, eta iaz The Forests Have No Name izenburuko lana argitaratu zuen. Naturaren oihartzunak zabaltzen dituzten folk doinu akustikoak jorratzen dituzte Gillek eta Helenek, oihu, melodia eta perkusio ezberdinez jantzita.
Joe la Reina berriz, Iruñean aritzen den talde gipuzkoarra da. Bost lagunek osatzen dute, eta iragan udan Tulsa (Miren Iza) abeslariarekin egin zuten kontzertuaren ostean, Subterfuge zigiluak fitxatu zituen. Talde honetan ere doinu akustikoak nagusitzen dira.
Azkenik, Cherry Boppers banda bilbotarrak estilo beltzetan bustiriko doinuak joko dituzte, hala nola, funk, acid-jazz eta soul pasarteak. Bizkaitarrek Shakin’ The Hood izenburuko bigarren lana aurkeztuko dute.



