ARTEA

Miren Pastor argazkilariaren “Bidean” erakusketak “BAFFEST” inauguratu du

BAFFEST Barakaldoko Foto Festival jaialdiak lehenengo erakusketa abiatu du: Miren Pastor (Iruñea, 1985) argazkilariak Barakaldoko Gorostiza urtegirako bidearen inguruan ardazten den Bidean. Ekainaren 12an hasiko den argazki-jaialdiaren aurrerapena da Pastorren erakusketa.

Barakaldoko El Regato auzoan dago Gorostiza urtegia, eta urtegi horretan amaitzen den bidean paratu ditu Miren Pastorrek formatu handiko dozena bat irudi. BAFFEST jaialdiaren baitan egingo den kanpoko erakusketa bakarra da Bidean, izatez, jaialdi urbanoa baita.

Bidean proiektu fotografikoak nerabezaroko aldaketak eta natura lotzen ditu. Erakusketaren ardatza artista nafarrak bere kabuz argitaratutako bi argazki-liburutan oinarritzen da. Pastorren hitzetan, “biek ala biek berezitasun bat daukate, alegia, funtzio bikoitza betetzen dutela, liburu gisa eta erakusketarako bitarteko gisa”.

Pastorrek, hain justu, argazki-liburuei buruzko tailerra zuzenduko du ekainaren 25ean, Argazki-liburua deskubritzen. Horretaz gainera, BookJockey saio bat ere egingo du ekainaren 18an. Saio horretan, emakumeek egindako argazki-liburuak aztertuzko eta nahastuko ditu.  “BookJockey saio bat DJ saio baten antzekoa da, baina argazki-liburuekin. Formatu berria eta esperimentala da, oso interesgarria argazki-liburuak deskubritzeko”, azaldu du argazkilari nafarrak.

Ekainaren 12tik uztailaren 3ra egingo da hain justu BAFFEST, Barakaldoko kaleetan barrena. Jaialdiak emakumeek egindako argazkiak erakutsiko ditu, Pastorrenak ez ezik, Cristina Garcia Rodero eta Marina Gondrarenak ere, besteak beste. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “Barakaldon beste zazpi erakustaldi ikusgai egongo dira”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button