Bertsolari Gazteen XXXII. BBK Sariketako azken kanporaketa jokatu da gaur goizean Zallako Mimetiz eskolan, eta erabakita geratu dira finalaurrekoak.
Lehen hiru saioak jokatuta, Bertsolari Gazteen XXXII. BBK Sariketak amaitu du lehenengo fasea. Gaur izan da azken saioa, Zallan eta hor Anitzak (Adur Lopez, Aimar Marcos eta Nahia Ruiz de Arbulo) eta Puntuak eta Komak taldeek (Amaiur Betanzos, Ekhi Zuluaga eta Iradi Barrenetxea) abestu dute. Azken hori izan da onena, eta azaroaren 20an, Mungian arituko da, finalaurrekotako fasean
Finalaurrekoetan saioak bikoitzak izango dira, hau da, orain arte lehiatu ez diren 18 eta 25 urtekoak ere hasiko dira lehian.
Datorren astelehenean, azaroaren 18an, izango da lehenengo finalaurrekoa, Gernika-Lumoko Elai Alai Aretoan, 18:00etan. A multzoan, 18 urtera artekoen multzoan, ondorengo taldeak arituko dira: Sagutxo kaskarinak 2.0 eta Arrakalak loratu.
B multzoan, 18 eta 25 urte artekoetan, berriz, Team Rocket (Ixone Asategi eta Janire Arrizabalaga), Ai Zapotxin! (Bittor Altube eta Joseba Ortuzar) eta Malla 2 (Araitz Katarain eta Irune Basagoiti) bikoteak izango dira kantuan.
Bigarren finalaurrekoa Mungian izango da, Mugire Txokoan, azaroaren 20an, 17:30ean.
A multzoan, Puntuak eta komak, eta Xarmengarriak gira arituko dira bertsotan.
B multzoan, ostera, Okerbidea (Iruri Altzerreka eta Peru Irastortza), LGBTaket (Ainhoa Gorostiaga eta Izaro Bilbao) eta Rara Avis (Haizea Telleria eta Maite Sarasola) bikoteak.
Aurrera gazteak!!