ZINEBIk euskal zinema berrienarekin duen konpromisoa berritu du Bertoko Begiradak sailaren programazioarekin. Gaur berton izango da sail horretan dauden film batzuen emanaldia, Azkuna Zentroko Audioan.
Sail horretan hainbat film sartzen dira, eta adibidez hiru dokumental programatu dira: Beñat Iturriozen Enarak; Ernesto del Rioren Ese mundo que no te da nada; eta Jone Ibarretxe eta Nere Falaganen Esto no es Hollywood (La historia inacabada de los hermanos Ibarretxe).
Sail horrek 27 film labur hartuko ditu, eta bertan zinemagile gazteen eta ibilbide sendoagoa duten zuzendarien lanak bildu dira: Josu Venero, Xabier Larrazabal edo Izibene Oñederra, Aitor Abio, Lide Billealbeitia edo Alba Lozano gazteak, Larraitz Zuazo (ZIFFen dagoen Itoiz Udako Sesioak luzemetraiaren zuzendarikidea), Iñaki Alforja eta Iban Toledo (Bolante baten historia dokumentalaren zuzendarikideak), Xanti Rodríguez (duela aste batzuk Sitgesen estreinatu zen film labur batekin), Julen Etxebarria (bere filma lehen aldiz Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan zen), Goya sarietarako izendatuta dagoen Sonia Estévez animatzailea, Ainhoa Urgoitia edo Imanol G. Gurrutxaga, besteak beste.
Baina gaurko hitzorduan honako lanak pantailaratuko dira: Bidean (Imanol G. Gurrutxaga); Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) (Izibene Oñederra); Montañas Lejanas (Lide Billelabeitia); Utländsk (Alba Lozano); Pomo D’oro (Nerea Sciarra); eta Komando Marmitako (Uxue Botas, Ane M. Nafarrate).
Horretaz gain, gaur ere, ZIFF sailaren barruan, Itoiz Udako Sesioak (Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea, eta Ainhoa Andraka) izeneko lana pantailaratuko da. Juan Carlos Pérez gogoeta sakon batean murgilduko da argitaratu gabeko zinta bilduma baten aurkikuntzaren ondorioz. Alde batera utzi nahi izan ditu taldeak momenturik gorenean pop estilora eman zuen aldaketa, eta ostean desegin izana. Itoiz musika taldearen lider izandakoak bidaia katartiko bat hasiko du, iraganarekin adiskidetzeko balioko diona; taldeak 70. hamarkada hasieran Rock progresiboan murgilduta igarotako urteak bergogoratuko ditu bertan.