EZLEKUBAT

Bular arteko komediak

Bular arteko komediak Sentsazio kontrajarriak ditut, alde batetik sentsazio utopikoak, euforikoak, egundoko errebelazioa sufritu eta gero azaleratu direnak, bestetik denboraren joanaren erruz ahazten diren bitxiez damutzen dena, sentzazio ilunak, kolektiboak eta partikularrak, ezkorrak.

Gaur Mister Roberts (Escala en Hawai) ikusi dut telebista kate anonimo batean, komedia beliko amerikarrak inoiz erakutsi duen abileziarik atseginena. Komedia zuria, abiada bizian igarotzen den horietakoa.

Bat-batean Warner Broseko aktore-multzoa, letra gorriz… eta dardarka hasi naiz… Jack Lemon, Henry Fonda, James Cagney… letra gorriz eta zerbait sentitu dut ezkerreko garunean, ziztada bizkor bat. Joshua Logan etorri da gero, eskuizkribuaren gurua eta beste ziztada bat, eskumakoan oraingoan.

Letra gorriz agertu da John Ford ere, tipografia berean, maila berean, artelanaren parte eta estudioko Bonaparte, aldi berean. Ez da egon ziztadarik, baina urrutiko kontrola bakean utzi dut. Lehenbiziko ordu laurdenean zintaren pertsonaiek nire arreta guztia bereganatu dute, giroak ere bereganatu ditu nire zentzumenak, itsasoko haize leuna, palmondoak, neska beltzaran ederrak, eguzki zuriak, Aloha!

Ordu erdira korapilatuta sentitu naiz, istorioari segika, gustura haren tempo erritmikoan eta plazerra sentitu dut, hitzekin deskribatzea saiatzeak erabat koipeztuko lukeen plazer mota hori. Bukatzea egokitu zaionean aspaldiko sentsazio haiek berreskuratu ditut, erabat lotzen zaituzten sentsazio zinematografikoak. Ez naiz orgasmora iritsi baina gertu. Komedia amerikarrak bizi izan zituen garai goxoagoak 30eko hamarkadan, urte batzuk geroago ere, industriaren probetxurako, baina hurrengo hamarkadetan filmatutako komedia esanguratsuei diet nik zera hura, badakizue, erabateko atxikimendua. Bular arteko gozotasunean ezinezko ahaztea. Preston Sturges-ek komedia arrakastatsu bat lortzeko zenbait arau plazaratu zituen eta kasualitatez, kotoizko titi haietan arau berberak bereganatu nituen nik.

Beti hobe neska ederra itsusia baino, hanka bat besoa baino, logela egongela baino, heldu joan baino, jaiotza heriotza baino, pertsekuzioa solasaldia baino, txakurra katua baino, musua haurra baino eta erorketa galant bat beste edozer baino hobe. Cary Granten berritsukeria horietako bat dirudi, baina ez da horrela, nik barren-barrenean sustraituta ditut.

Amona Juliz hitz egin behar, bere altzoan izaten nindueneko garaiez, larunbat gaueko afal osteko sofa-saioez. Bere bular mardul haien kontra estutzen ninduen eta bat bateko epeltasunak hartzen zuen nire gorputza. Komedia amerikar haietako pertsonaien ahots potoloek berehala eragiten zuten nolabaiteko sentsazio erosoa nigan, nortasun handiko ahotsak guztiak, maskulinoak eta femeninoak, lerdenak, samurrak. Ahots haien guztien menpean ematen genituen gaueko orduak telebista aurrean, argumentu korapilatsuei segika, irribarre isilean. Zoriontasun tarte iheskorrak.

Bi orduko gozamen zinematografikoak, komediek sorrarazten didaten sentsazio onanista azaleratu du eta bertoko ekoizpenak etorri zaizkit burura… euskal zinemagintzaz, euskal komediagintzaz hausnartzeko beharra izango banu bezala. Eta hara kointzidentzia xelebrea, Enrique Urbizu zuzendari billbotarraren Tu novia está loca filma ikusi nuenean beste bular batzuen artean nintzen ni, uneko neskaren bular leunen artean. Endredozko komediak euskal zinema politikoa irentsi zuen urteetako gizaki garaikidea naiz ni. Bizi dugun eguneroko errealitate monotonoa, histrioniko bihurtzen duen zinemari zor diot ia guztia, behintzat nire bizitzako emakumeei dagokienez. Juan Ortuosteren Siete calles, Javier Rebolloren Calor y…celos, edota Luis Guridi eta Santiago Aguilarren Justino, un asesino de la tercera edad, lumazko burkoetan murgilduta, irribarre eta urduritasun isilean, gozatu ditut.

Eta, hala, ere sentsazio kontrajarriak ditut, sentsazio ilunak, denboraren joanak ahaztu dituenak, itxura eta molde guztietako komedien boterea gutxietsi dituenak. Kolektiboak eta partikularrak, ezagutu ditudan fikzioaren menpeko pertsonai sinoti guztiak. Ezkorrak ere badaude, denborak eraman dituen urte ilun hauen guztien aieneak. Utopikoak ditut ere, sentsazioak, Justino sastakaidunaren begirada zorrotzek eragiten didatenak, euforikoak, Ensign Pulver-en hitz jarioek sorrarazten didatenak, egundoko errebelazioa sufritu eta gero azaleratu direnak ere, titi gabeko epeltasun bera sentiarazi didatenak. Cary Granten berritsukeria horietako bat dirudi, berriz ere, baina ez da horrela. Ez oraingoan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button