IKUS-ENTZUN

Emakumeek zuzenduriko zinemaren XX. erakusketa, Bilbon

“Emakumeok gara zinea: Zinemakumeak gara!” lemapean abiatuko da gaur berton, Bilbon, emakumeek zuzenduriko zinemaren XX. erakusketa, urriaren 17ra bitartean luzatuko dena.

Mundu osoan sariak jaso dituzten luzemetrai eta laburren erakustaldi aparta jasoko da aste honetan Bilbon eta hainbat zuzendari handik eginiko harribitxiak eskainiko dira, tartean Marjane Satrapi, Maggie Carey, Ángeles González-Sinde, Amy Heckerling edota Justine Triet.
Film interesgarri asko ikusteaz gainera, zuzendari onenaren Oscarrerako izendapena jaso zuen lehen emakumea, Lina Wetmüller zinemagilea, omenduko da. Beste aldetik ere Simone de Beauvoir sari berezia Ángeles González-Sindek jasoko du.

“Emakumeok, gu geu gara zinea. Gure ametsak egia bilakatzeko zinea. Gure ametsak eta zureak. Begirada desberdineko emakumeak gara. Eta hau izango da emakumeek zuzendutako Zinemakumeak gara! jaialdiaren XX. edizioa!”

Gaur hasiko da zikloa Lina Wertmüllerek zuzenduriko Pasqualino Sete Bellezes (Italia, 1975) filmarekin. Saioa 19:30ean izango da.
Asteazkenean, ordu berean, umorezko animazio-film laburrak eskainiko dira. Ondoren The Voices film luzea (Marjane Satrapi, AEB, 2014).

Urriaren 15ean, De qué nos reímos las mujeres? izeneko mahai-ingurua antolatu da Elizabeth Casillas eta Mamen Moreu parte-hartzaileekin. Horren ostean, The To Do List (Maggie Carey, AEB, 2013) filma ikusteko parada eskainiko da.

Ostiralean, Una palabra tuya lana pantailaratuko da (Ángeles González-Sinde, Espainia, 2008), eta ostean, Ángeles González-Sinde, Aizpea Goenaga eta Izaskun Arandia Palabras cruzadas (hablando de guión, género…) izeneko mahai-inguruan arituko dira.

Azkenik, larunbatean, urriak 17, Vamps (Amy Heckerling, AEB, 2012) eta La Bataille de Solferino (Justine Triet, Frantzia, 2013) filmak eskainiko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button