MUSIKA

Han eta Libek Durangoko Plateruenan joko dute

Han bizkaitarrek eta Libe arabarrek kontzertu ikusgarria eskainiko dute Durangoko Plateruena antzokian, larunbatean, 22:30etik aurrera.

Elorrioko HAN bandak lehendabiziko disko homonimoa plazaratu zuen, LP eta CD formatuetan, Tolosako Bonberenea Ekintzak plataformaren bitartez. Diskoak AEBetako indie-rock-aren ondaretik edaten duten bederatzi doinu biltzen ditu.

Lehenengo entzunaldian, 80ko urteetako Hüsker Dü banda estatubatuarraren trazak nabaritu ditugu lehenengo kantuetan, batez ere Igeri egiten doinuan, edo Pixies-ena Mugitzen doinuan. Gitarra zikinak bezain melodikoak dira, Nerea kantariaren ahotsarekin egoki nahasten direnak, oinarri erritmikoak sendotasuna transmititzen duen bitartean. Taldekideen artean ibilbide luzeko musikariak daude, eta eskarmentu hori nabarmena da abestietan. Hala, taldekideen artean Ama Say eta Yakuzin aritutako Gorka dago, bai eta Lisaboren teknikari izandako Karlos.

Laukotea duela bi urte inguru eratu zen Elorrion, eta lehen disko hau Bonberenean grabatu dute, Karlos Osinaga Txap teknikariaren gidaritzapean.  Bonberenearen arabera, “Ziur gaude zeresana emango duen taldea dela, haize freskoa dakarrelako eta maisuki landutako diskoa delako”.

Libe Garcia de Cortazar (Libe) musikariak, halaber, teklatuak jotzen ditu Izaki Gardenak taldean, eta larunbatean, Ihesaldi Handia bere bakarkako diskoan jasotako doinu propioak joko ditu. Kantuok lantzeko Joseba Ponce (Dut, Lisabö, Kuraia) musikariaren laguntza izan du. Diskoa Karlos Osinagak grabatu du, eta saioetan, Atxus baxu-jotzailea (Neubat, Sorkun, Vicepresidentes), Txus Villalabeitia (Same Old, Eh!) gitarra-jotzailea eta Eneko de Arza (Naüt, Trumbo) bateria-jotzailea izan ditu lagun.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button