
Bilbon, irailaren 1etik 30era arte, Euskadiko kaleko arteen zirkuiturik handiena, Eszena Kalera, egingo da. Betiko legez, egitarauan hainbat diziplinatako ikuskizunekin gozatzeko aukera egongo da, hala nola zirkua, dantza, magia, kale-antzerkia edo txotxongiloak. Aurtengo programazioan 17 antzerki-konpainiak hartuko dute parte eta guztira 32 emanaldi eskainiko dituzte Bilboko 27 auzotan.
Gaur berton, hilak 1, abiatuko da ekimena Zirika Zirkus konpainiak eskainiko duen Marietak Zirkus euskarazko lanarekin. Umorez, ahizpatasunez eta maitasunez betetako antzerki eta zirkuko ikuskizuna da, eta bertako istorioa zirku-konpainia bat daukan familia batean gertatzen da. Bertan, bi ilobek izeba Mari Pantxi zaintzen dute, hainbeste maitasunez, ezen batzuetan gehiegi babesten baitute.
Aste hauetan parte hartuko duten konpainien artean honako hauek dituzue: Ganso & Cía, Picuentos, Goitibera, Orain-Bi, La Glo Zirko Dantza, Eidabe, Teatro Firulete, Hortzmuga Teatroa, Halako Ezpala, Hodei Magoa,…
Eskaintzen diren jardueren artean haurrei zuzendutako zirku tailerrak daude. Zirkozaurre konpainiak egingo ditu irailaren 15ean, astelehena, 17:30etik aurrera Indautxu plazan, eta 120 minutuko iraupena izango dute. Horietan, adingabeek zirkuko elementuak praktikatuko dituzte, hala nola malabareak, oreka, akrobaziak eta aireko ariketak, beren gaitasun artistikoak eta sormenezkoak estimulatzeko eta, jolasaren bidez, zirkuaren mundura hurbiltzeko.
Irailaren 30ean, azken egunean, Hortzmuga Teatroa (Agurea, urpekaria eta itsasoa), Orain-Bi (Mute) eta La Glo Zirko Dantza (Pyrenne) konpainien ikuskizunekin emango zaio amaiera kaleko arteen zikloari.
Non, noiz eta zer oholtzaratuko den jakiteko: Eszena Kalera.



