MUSIKA

Belakok “Hamen” bigarren lan luzea argitaratu du

Belako laukote bizkaitarrak Hamen (Belako Records/Mushroom Pillows) izenburuko lana plazaratu du. Diskoak elektronikatik eta post-punk estilotik edaten duten hamabi bat kantu bildu dituzte, subidoi melodikoei muzin egin gabe.

Bertsio bat ere jaso dute, Sinnerman, Nina Simoneren doinua. Bigarren grabazio luzeak, gainera, euskaraz abestutako Hegodun baleak kantua gordetzen du.

Urtebete inguru izan dira lan hau idazten. “Kantu batzuk eginda genituen, eta beste batzuk, berriz, gero sortu dira”, azaldu du Cristina abeslari eta sintetizadore-jotzaileak. Horrekin batera, abestiak askotarikoak direla gaineratu du: “Elektronikoagoak, gitarreroagoak,…”

Josu gitarra-jotzaileak, baina, ekoizpenari erreparatu dio, “landuagoa” dela azpimarratuz. “Konponketa gehiago dago, soinu-geruza gehiago, nahita jasotako soinu zatarra, baxu distortsionatuak, elektronika gutxiago, baina eleganteagoa…”.

Hasiera batean, disko berrirako idatzi zituzten kantuak oso luzeak ziren, oso desberdinak lehenengo lanarekin alderatuta, eta horrek zalantzak eragin zizkien. Baina behin Nafarroako borda batean entseatzera sartu eta gero, Belakoren esentzia gehiago gordetzen zuten kantuak sortu ziren, “sinpleagoak”. “Zalantzen aurrean, zeu zarenari eustea da onena”, azaldu du Josuk.

Taldeak makina bat tokitan joko du martxora bitarte. Kontzertu gehienak Estatuan egingo dira, baina baita atzerrian ere: Lisboa, Oporto, Glasgow, Edinburgo eta Londres. Lehenengo aldiz arituko dira atzerrian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.