ARTEA

Barruko musika

Tabakalerak Une musique intérieure izeneko erakusketa abiatuko du gaur, hilak 18, eta apirilaren 24ra bitartean luzatuko du. Erakusketaren oinarria 60ko eta 70eko hamarkadetako arte kontzeptualaren ondarea da. Erakusketarekin batera hainbat performance eta hitzaldi ere antolatu dira.

Proiektu artistikoak “barne-musika baten modura, barne-bizitzaren eta kanpo-munduaren arteko harremanak orekatzeko erabiltzen dituen portaera eta lengoaiak zalantzan” jarri nahi ditu. Une musique intérieure-k “partiturak, ariketak, oharrak eta jarraibideak aztertuko ditu, eta kontzertu, performance, irakurketa eta hitzaldi bezala aktibatuko ditu”.

Pierre Bal-Blancek komisariatu du proiektua Oier Etxeberriarekin batera, eta 16 artistak hartuko dute parte, horien artean, Amable Arias, Eva Barto, Delia Gonzalez, Daniel Grú, Mattin, Georgia Sagri eta Matthieu Saladin.
Artista horiek, kasu batzuetan, lan berriak ekoitzi dituzte bereziki erakusketarako, eta beste batzuetan, berriz, testuinguru berrira egokitu dira.

Tabakalerak azaldu duen moduan, “Une musique intérieure-k duela hilabete batzuk soinuaren eta musika esperimentalaren inguruan abian jarri zen lan-ildoari jarraitzen dio. Scalarekin bat egiten du beraz, eraikinaren eskailera nagusian dagoen soinu-instalazioa da eta musikara zein soinu-arlora hurbiltzeko lengoaia eta moduak arakatzeko bokazioa du ardatz”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button